Itxaropena elkarteko taberna kudeatzeko baldintza berriak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 26a, 08:49
Itxaropena elkarteko taberna.

Atzo, Itxaropena Zaharren Biltokiko batzar nagusia egin zuten. Bertan, Patricia Borinaga Udaleko Zerbitzu saileko arduradunak jakinarazi zuen elkarteko tabernaren kudeaketa zerbitzua esleitzeko baldintza pleguak aldatu egingo dituztela. Besteak beste, 6 hilabetez, 500 euroko dirulaguntza zuzena emango diote taberna kudeatuko duenari. 

Atzo, eguena, egin zuten Itxaropena Zaharren Biltokiko urteko batzarra. Zortzi puntu izan zituzten mahai gainean. Tartean, elkarteko tabernaren kudeaketa.

Inor ez zen aurkeztu

Abuztuaz geroztik, itxita dago Itxaropenako taberna, ordura arteko langileak laga egin ziolako hura kudeatzeari. Udalak, zerbitzuaren arduradunak tabernaren kudeaketa berriro ere esleitzeko lehiaketa deitu zuen, baina ez zen inor aurkeztu. 

Atzoko batzarrean, Patricia Borinaga zinegotziak jakinarazi zuen orain, taberna kudeatzeko baldintza berriak eskainiko dituela Udalak, ea norbait animatzen den. 

500 euroko laguntza zuzena

Baldintza berrien artean, bi dira berritasunak. Batetik, sei hilabetez, 500 euroko dirulaguntza zuzena emango zaio kudeatzaileari, hiru hiletik behin laguntza hori berritzeko aukerarekin, baldin eta murrizketek bere horretan segitzen badute.  

Bestetik, urtebetez ez zaio tabernaren errenta kobratuko -100 euro-. Halaber, Borinagak gogora ekarri zuen taberna horren gastu nagusiak -argindarra, ura, gasa eta garbiketa- Udalak hartzen dituela bere gain.

Terraza eta sukaldea erabili barik

“Taberna horrek duen gastu bakarra da autonomoetara ordaindu beharrekoa. Gainerako guztiaz Udala arduratzen da. Ostalaritzako negozio bat izateko, ez dira baldintza txarrak. Asko da lan egiteko zenbateko gogoa dagoen. Adibidez, demaseko terraza dauka eta ez da ia erabiltzen. Berritutako sukaldea ere badauka eta hura ere ez da ia erabiltzen. Herri honetan dagoen langabezia-tasa kontuan hartuta, nik uste dut taberna hori kudeatzea aukera ona izan daitekeela. Are gehiago kontuan hartuta elkarteko bazkideak ez ezik, herritarrak ere joan daitezkeela tabernara”.

Hori bai, terrazaren harira, antzokian zegoen bazkideetako batek gogora ekarri zion ez dela irisgarria. 

Maiatzerako, zabalik

Kontuak kontu, Borinagak esan zuen ezarritako baldintzak Udal ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostutakoak izan direla eta Udalaren asmoa dela datorren astean argitaratzea. Aurreikusitako datak betez gero, honakoa izango litzateke taberna zerbitzua esleitzeko kronograma.

  • Martxoaren 4ko astean baldintza pleguak argitaratu.
  • Martxoaren 22ra arteko epea eman proposamenak aurkezteko -15 egun natural-.
  • Martxoaren 23tik 30era bitartean, jasotako eskaintzak zabaldu.
  • Martxoaren 31n zerbitzua esleitu.
  • Apirilaren erdialdean-maiatzaren hasieran zerbitzua abiarazi.