Jaitsi egin da errefusera botatako hondakin kopurua

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 25a, 16:51

Errekaldeko edukiontzi-puntu bat.

Urtarrileko gaikako bilketaren datuak ezagutarazi ditu Debabarreneko Mankomunitateak prentsa ohar bidez. Haien arabera, 2020ko azken datuekin alderatuta, urtarrilean, %2,2 hondakin gutxiago batu da, hondakin organikoen gaikako bilketa %5,6 handitu da eta sortutako errefusa, berriz, %2,1 murriztu da.

Mankomunitateak modu positiboan baloratu ditu urtarrileko gaikako bilketari dagozkion datuak: “Norabide onean goazela adierazten dute, duela gutxiko azterlanak kontuan hartuta. Azterlan horien arabera, Debabarrenan oraindik ere birziklatu daitezkeen hondakin asko uzten ditugu errefusaren edukiontzietan”. 

Datu gehiago ere helarazi dituzte. Urtarrilean, 411 tona hondakin organiko bildu dira hiriguneetako eta industrialdeetako edukiontzietan, 2020an baino %5,6 gehiago. Errefusaren zatikiak, aldiz, 24 tona egin du behera, 2020an baino %2,1 gutxiago. 

Abendutik urtarrilera izan den murrizketaren arrazoia Gabonetako bilketaren aldaketan egon litekeela uste du Mankomunitateak: “Aurten ezberdinak izan direnez, ez ditugu urte amaierako ospakizunak edo Errege Magoen eguneko jende bilketak egin, eta normalean hondakin asko sortzen da horietan”.

Industrialdeetako datu gehiago nahi

Gaikako bilketako gainerako zatikiei dagokienez, berriz, bildu dira 443 tona paper eta kartoi, 135 tona ontzi, 214 tona beira eta 346 tona bestelako hondakin, hala nola, zura, tamaina handikoak, tresna elektrikoak eta elektronikoak, etab.

Bestalde, kaleko edukiontzietakoez gain, Mankomunitateak industrialdeetan sortutakoak ere biltzen ditu. Hain justu, hiru hilean behin, hondakinei buruzko datu orokorrak eskatzen die enpresei. Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie datuok ematen dituztenei; gainerakoak, berriz, gauza bera egitera animatu nahi ditu. “Gure eskualdean sortzen diren hiri-hondakinen fluxuak hobeto ezagutzeak etorkizunean hobekuntzak egin ahal izateko jarraibideak ematen dizkigu”, esplikatu dute gaur bidalitako prentsa oharrean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.