Lau izen proposamen Itxaropena elkartearendako

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 25a, 11:13

Itxaropena elkarteko zuzendaritzako hainbat kide Gabonetan.

Gaur arratsaldean egingo du Itxaropena Erretiratuen Elkarteako urteko batzarra. Gaien artean, elkartearen izena aldatzeko lau izen proposamen izango dituzte: Soragure, Soragure elkartea, Asociacion Itxaropena Elkartea eta Nagusien Elkartea. Bertaratzen diren bazkideek bozketa bidez aukeratuko dute izen berria. Herri Antzokian da bilera.  

Batzar orokorra hasteko bigarren deia 17:30ean da -bigarren deian hasi ohi dira bilerak-  baina Itxaropena elkarteko zuzendaritza batzordeak 16:50era egin du hitzordua, bazkideen zain egon bitartean, magia ikuskizuna izango da-eta.

Zuzendaritza batzordea berritzea

Segurtasun neurriak direla-eta, asko jota 100 partaide bertaratu ahal izango dira. Halaber, arrazoi berberarengatik batzarra Herri Antzokian izango da.

Mahai gainean, berriz, 8 puntuko gai zerrenda izango dute aztergai. Tartean, esandako moduan, elkarteari izena aldatzeko proposamena. 

Horrekin batera, zuzendaritza batzordea berritzea ere proposatuko dute eta besteak beste, elkartearen egoera ekonomikoaren berri emango dute. 

Podologoa behar dute

Bestalde, Itxaropena Erretiratuen Elkarteko podologoak zerbitzua eskaintzeari lagako dio. Hori dela eta, bertako zuzendaritza beste podologo baten bila dabil. Interesa duenak bi bide ditu elkartearekin harremanetan jartzeko: itxaropena5@gmail.com helbidera idatzita edo batzordeko kideren bati esanda. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.