Egitarau oparoa, M8aren harira

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 25a, 08:49

'El enjambre' antzezlaneko aktoreak. Vaivén producciones.

Martxoaren 4tik 25era bitarteko egitarau oparoa antolatu du Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren, Martxoaren 8aren harira. Batik bat, kultura ekimenez osatutakoa da. Adin guztietarako jarduerak, helburu nagusi batekin: “Berdintasunean hezteaz eta kontzientziatzeaz gain, emakumeen aldarrikapena egitea eta emakumeak balioestea”. 

Udaleko Berdintasun Saileko Patricia Borinaga zinegotziak gaineratu duenez, ekimenok antolatzearen eta Martxoaren 8a gogora ekartzearen helburua da emakumeok “orain dela 200 urte baino gehiago hasitako berdintasunaren aldeko borrokari ikusgarritasuna ematea”.    

Hona hemen egitarau osoa:

  • Martxoak 4, eguena, 14:45ean Antzokian, haurrentzako antzerkia. Eidabe konpainiaren Futbolariak eta printzesak. Topiko sexistak apurtu nahi dituen komedia da. Esketxen moduko eszena laburren bidez, agerian utziko dituzte berdintasunean bizitzea zailtzen duten egoerak. Hori guztia umoreaz, musikaz, dantzaz eta antzerki-jokoez lagunduta.
  • Martxoak 4, eguena, 19: 00etan Antzokian, Iciar Bollainen La boda de Rosa filmaren proiekzioa. 45 urte betetzear dituela, Rosa konturatuko da beti besteentzat bizi izan dela, eta alde egin, dena utzi eta botoi nuklearra sakatzea erabakiko du. Bere bizitzaren agintea hartu eta negozio propioa izateko ametsa bete nahi du.
  • Martxoaren 7a, domeka, 19: 00etan, Antzokian, Bidane Txopitea (sopranoa) eta Iker Ruiz de Alegría (piano-jotzailea) musikarien eta Aramu emakume taldearen kontzertuak, euskaraz, frantsesez, italieraz, ingelesez eta alemanez.
  • Martxoak 8, astelehena, 18: 30ean Plaza Berrian, Soraluzeko M8 Plataformak antolatutako mobilizazioarekin bat egiteko gonbitea.
  • Martxoak 13, barikua, 19:00etan Antzokian, helduentzako antzerkia. Vaivén Produccionesen El enjambre. Haurtzaroko lagun talde bat landetxe batera joango da horietako baten ezkongabe agurra ospatzera. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen eta elkarren artean lotura handia sentitzen badute ere, ez da ezer lehen zena; edo bai…
  • Martxoak 25, eguena, Antzokian, gazteentzako hainbat ekitaldi:
    - 09: 30ean: Ama-Alu-Lur. Intujai Teatro konpainiaren Sorgin baten ametsak lan sariduna, hain justu, Poltsiko Antzerkia Sortzearen Saria Donostia Kultura 2019. Espe eta Leo, bi espeleologo-arkeologok, Paleolitoko kobazulo batean harrituta utziko dituen irudi bat aurkitzen dute: bulba erraldoi bat. Baina, orduan... eboluzionatu dugu 15.000 urte hauetan?
    - 11: 30ean: hitzaldia Bea Severrekin: AMA-ALU-LUR (Fokoa aldatzen)
    - 12: 30ean: tailer didaktiko-praktikoa Aranzadi Zientzia Elkarteko Jesus Tapia arkeologoarekin: Gure gorputza historiaurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.