"Gaizki, triste, haserre… egoteko eskubidea dugu, bizi dugun egoera oso larria da"

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 24a, 12:27
AECCren tailerra, atzo, Tolarekuan.

Atzo, martitzena, SARS CoV-2 pandemiak ongizate emozionalean duen eraginari aurre egiten laguntzeko hainbat gako eman zituzten. Nabarmenenak honakoak: informazioarekiko dagoen larregiko esposizioa gutxitzea, norbere burua zaintzea, jasotzen ari garen mezu kontraesankorrekiko ikuspegi kritikoa izatea eta besteak beste, ez ukatzea eta ez blokeatzea emozio desatseginak (negatiboak).

AECC elkarteko psiko-onkologo Miriam Marquezek gidatu zuen Tolarekuan egindako tailerra, zazpi partaiderekin. Testuingurua izan zen aztertzea pandemiak zelan eragin duen norbere bizitzan, batik bat ongizate emozionalean, hori ez baita landu. Hortik abiatuta, pandemiaren eragina gutxitzen laguntzeko hainbat jarraibide edo aholku eman zituen psiko-onkologo bilbotarrak. 

Neke pandemikoa

Testuinguruari dagokionez, besteak beste, Marquezek adierazi zuen, osasun fisikoan ez ezik, pandemia eragin zuzena izaten ari dela osasun emozionalean. “Azaroan egindako ikerketa batek erakutsi zuen herritarren %60k neke pandemikoa zuela eta horrek insomnioa, estresa, suminkortasuna, antsietate sintomak… eragiten ditu”, jarri zuen adibide modura. 

Batik bat, umeen, nerabeen eta nagusien egoerari erreparatu zion, kolektiborik zaurgarrienak direlako. Azpimarratu zuen kasu guztietan nabarmen baldintzatu dela kolektibo horien bizimodua eta garapena, afektiboa, bereziki.

Nerabeak

Adibidez, nerabeen kasuan, “goitik behera” aldatu zaizkie ardurak eta egunerokotasuna: “Orain arte, askoren kezka nagusia izan zitekeen unibertsitatera joan ala ez; orain, berriz, askok ez dakite ikasten jarraitu behar duten ala ez, gero lanik izango duten, ezin dira taldean elkartu, nahiz eta ikastetxeetan taldean egon… kasu askotan errudun ere bihurtu ditugu…”.

"Nagusiek guk baino gehiago dakite"

Nagusien kasuan, berriz, haiek infantilizatzeko dagoen larregiko joera salatu zuen, batez ere, sarri gainerakoek erabakitzen dutelako nagusiengatik, eurekin kontsultatu barik. Marquezek esan zuen pandemiak bereziki kolpatu duela nagusien kolektiboa, osasun fisikoari eta psikologikoari dagokionez: “Estresa eragiten duten egoerak ugaritu egin dira haiengan; asko auto-bakartu egin dira; beste askori kalte handia egin dio errutinak apurtzeak, hitzordurik ez izateak; nagusi mordoa bakarrik bizi da eta ez dute zeinekin berba egin… Askotan, infantilizatu egiten ditugu eta nagusiek, ordea, guk baino gehiago dakite, pertsona helduak dira eta eurek hartu beharko lituzkete erabakiak”.  

Hainbat aholku

Pandemiaren eragina gutxitzen laguntzeko jarraibideei buruz, berriz, honako aholku nagusiak eman zituen psiko-onkologoak:

  • Pandemiak ekarri duen informazioarekiko larregiko esposizioa gutxitu. Estresa eragiten du, osasuna arriskuan jartzeraino.
  • Jasotzen ari garen mezu kontraesankorrekiko ikuspegi kritikoa izan. Mezu kontraesankorrek segurtasun eza, antsietatea, tentsioa, konfusioa… eragiten dute eta erruduntasun sentsazioa ere sortzen dute. Mota horretako mezuak identifikatu egin behar dira eta inportantzia kendu egin behar zaie.
  • Sistema immunea indartu: ondo lo egin; ondo elikatu, kirola edo jarduera fisikoa egin eta mindfulness estrategia batzuk erabili. 
  • Laga behatxuloko polizia izateari. Ez dakigu gure ondokoaren egoera zein den eta ez gaude energia galtzeko.
  • Autozainketa. Norbere burua zaindu eta norbere buruari inportantzia eman. Hori oinarrizkoa da. Konturatu behar gara normalean besteak gure aurretik ipintzen ditugula.  Baina gu ez bagaude ondo, ingurukoak ere ez dira ondo egongo. 
  • Konturatu behar gara gu ez garela gure ingurukoen sufrimendua konpontzearen erantzule eta ingurukoak ere ez direla gure sufrimendua konpontzearen erantzule. Norbera da horren erantzule.
  • Askok emozio negatiboak eta positiboak bereizi egiten dituzte baina emozio guztiak dira emozio eta bizi egin behar dira. “Gaizki egoteko eskubidea dugu; pertsona asko hiltzen ari da eta bizi dugun egoera larria da. Haserre, triste… egoteko eskubidea dugu. Gertatzen dena da ez dugula gustuko sentsazio mota horiek izatea, baina ez dira blokeatu behar, emozioak espontaneoak dira, modulatu egin daitezke, baina ez blokeatu”.