Bi soraluzetar atxilotu dituzte Bergaran, ustez lapurretan zihardutela

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 23a, 10:30
Larrañaga gzozotegia, Bergaran.

Eguen gauetik bariku goizera bitartean, bi soraluzetar atxilotu zituen Ertzaintzak Bergaran. Bertako Larrañaga gozotegian eta Egon tabernan lapurretan egiteagatik atxilotu zituzten. Estolderiako burdinezko irazgailua baliatuta egin zituzten lapurretok. Edozelan ere, Ertzaintzak esan du ezin dutela ziurtatu joan den astean Soraluzen egindako lapurreten egileak ere eurak direnik.

Eguen gauean, 17 eta 18 urteko bi gazte soraluzetarrak atxilotu zituen Ertzaintzak Bergaran, ihes egiteko ahaleginean zihardutela. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, Bergarako Larrañaga gozotegian eta Egon tabernan ustez lapurretan harrapatu ondoren ahalegindu ziren ihes egiten.  

Estolderiako irazgailua baliatuta sartu ziren bi establezimenduetara eta poliziak emandako xehetasunen arabera, Bergaran estolda gehiago prest zituzten, ustez, lapurreta gehiago egiteko.

Soraluzen ere bai

Justu, aste berean, Soraluzen ere izan zen lapurreta bat eta bi saiakera. Iratxo goxo-dendan estoldako irazgailua baliatuta sartu ziren, frontoitik ekarritako estolderiako burdinezko irazgailuarekin kristalezko atea apurtu eta barrura sartuta, alegia. 

Hala ere, Ertzaintzak azpimarratu du ezin dela ziurtatu herriko eta Bergarako lapurreten egileak pertsona berberak direnik. Joan den astean, Eibarren ere izan zen beste lapurreta bat sistema bera baliatuta, Soraluzeko lapurretaren ondorengo gauean.

Bergaran atxilotutako 17 eta 18 urteko bi gazteak epailearen esku laga zituen poliziak.