Genero-arrakalarekin amaitu beharra aldarrikatu dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 22a, 16:14
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, karpapean.

Pentsioen aldeko gaurko elkarretaratzean, emakumeen eta gizonezkoen arteko genero-arrakala izan dute hizpide, batik bat. Aldarrikatu dute, besteak beste, “kotizazio gabeko pentsioen sistema berrikusi” egin behar dela, “hilean 402 euroko gehienezkoa bizitzeko nahikoa ez delako”. 

Gaur, euria zela-eta Plaza Zaharreko karpapean egin dute pentsioen aldeko elkarretaratzea. 50 bat herritarrek babestu du ekimena. Gaurko komunikatuan, emakumeen egoera nabarmendu dute. Gogora ekarri dute emakumeak direla “gehiengoa pentsiorik baxuenak jasotzen” eta uste dute genero-arrakalari aurre egitea beharrezkoa dela. 

Emakumeena %36 txikiagoa

Aldarrikapena datuz jantzi dute: “Emakumeak dira ia bederatzi milioi pentsiodunen erdiak, baina alarguntza-pentsioa jasotzen dute gehienek. Heren batek soilik du bere lan-bizitzarekin lortutako pentsioa, eta batez besteko zenbatekoa gizonena baino % 36 txikiagoa da”. 

Lan prekarioen ondorioak ere salatu dituzte. Batetik, mendeko pertsonak edo ardurapekoak zaintzeagatik karrera profesional laburrenak, irregularrenak eta ezegonkorrenak dituzten emakumeen kasuak. Bestetik, langile migratzaile askorenak: “Kalkuluen arabera, milioi bat emakumek baino gehiagok lan egiten dute prekarioan etxeko lanetan, eta Gizarte Segurantzak berak LGSren azpiko kotizazioak onartzen ditu lanaldi osoetan”.

1.080 eurokoa

Oro har, uste dute egoera bideratzeko “modurik zuzenena eta eraginkorrena” dela alarguntza-pentsioetan kausatzailearen oinarri arautzailearen % 100 bermatzea, eta gutxieneko pentsio gisa 1.080 € ezartzea, hau da, Europako Gutun Sozialak eskatzen duen 1.200 €-ko LGSren % 90“.

“Jarraituko dugu oihukatzen 1.080 euro baino gutxiagorekin ez zaizkigula kontuak ateratzen”, azpimarratu dute.