Ongizate emozionalari buruzko tailerra, AECC elkartearen eskutik

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 20a, 09:05
Minbiziari buruzko hitzaldi bat. Argazkia: AECC.

Debabarrenako Minbiziaren aurkako AECC elkarteak pandemia garai honetan ongizate emozionalari buruzko tailer praktikoa antolatu du otsailaren 23an, asteartean, Tolarekuan. Doako jarduera 18:00etan hasiko da eta ordubete irautea aurreikusten da. Edukiera mugatua denez, komeni da aldez aurretik izena ematea.

Tailerrean, pandemia ahalik eta hobekien jasaten laguntzen diguten baliabide psikologikoei buruzko ibilbidea egingo da, eta aholku praktikoak emango dira gure ongizateari eta autozainketari buruz aurrez ezarritako ideia batzuk birplanteatzeko.

Izen-ematea

Tailerrean, pertsona bakoitzak bere baliabideen bilaketa aktibatzeko egin dezakeen guztiari buruzko oinarrizko jarraibideak emango dira, pandemia garai zail hauetan arreta osoan oinarrituta. Hori guztia psiko-onkologo baten esperientziatik eta ezagutzatik abiatuta.

Inskripzioak www.minbiziarenaurkakoastea.com webgunean edo 943 20 24 94 telefono zenbakian egin daitezke.

AECC elkarteak otsailaren 22tik 26ra bitartean abian jarri duen Minbiziaren aurkako Astearen barruan sartzen da jarduera hau.

Arreta indartu nahian

Kanpaina horren bidez, gaixoekiko eta senideekiko arreta indartu nahi da, eta gaixotasun horren eraginpean dauden biztanle gehiagorengana iritsi.

Hori lortzeko, aste osoko jardunaldiak antolatu dira Debabarrenean, hitzaldiekin, ekitaldiekin eta online tailerrekin. Haiek baliatuta, eskualdeko udalerrietan bazkideak eta dohaintzak erakarri nahi dituzte.

Beste lau ekimen

Hain justu, Soraluzeko tailerraz gain, beste lau ekimen izango dira:

  • Astelehenean Debabarreneko Minbiziaren Behatokiaren datuak aurkeztuko dituzte streaming bidez, 11:00etan. 
  • Eguaztenean, Eibarko erretiratuen etxean Zinema eta minbizia izango dute hizpide. Ainhoa Oregi gizarte langileak eta Miriam Marquez psiko-onkologoak zinemak minbiziari buruz erakusten duen ikuspuntua aztertuko dute. 18:00etan hasiko da.
  • Eguenean, Kirola. Elikadura eta bizitza aktiboa. Helburua: hobeto bizitzea izenburua duen mahai-ingurua izango da, Portalean. Partaide izango dira Odei Jainaga, Real Sociedad Atletismo Taldeko xabalina jaurtiketan errekorduna; Josetxo Varela Kirol teknikaria eta Zaloa Otaduy Farmacook Nutrizio Eskolako kidea. Laura Mongelos AECC elkarteko prebentzio psikologoa izango da, berriz, moderatzailea. 17:30ean hasiko da.
  • Eta barikuan, Portalean, 18:00etan, Aulki Hutsak dokumentala proiektatuko dute, haren zuzendari eta gidoilari Iñaki Peña bertan dela.