Beste bi greba egun

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 19a, 12:07

Deba eskualdeko hainbat langile greba deialdia egiten, atzo, Bergaran.

ELA sindikatuak beste bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako egoitzetan, baita Soraluzekoan ere. Otsailaren 25erako eta martxoaren 30erako deitu dituzte protestak, langile gehiago eskatzeko, prekarietatea desagerrarazteko eta langileentzako erreparazio emozionaleko prozesu bat gauzatzeko eskatzeko.

Bi greba egun horien deia egiteaz batera, ELA sindikatutik azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitzei buruz eskatuta egindako azterlanean “sindikatuaren ondorio nagusiak” jasotzen direla. Alegia, beharrezkoa dela ratioak handitzea; langilerik eza egiturazko arazo bat dela eta pandemiak larriagotu egin duela; beharrezkoa dela langileen erreparazio emozionala egitea eta beharrezkoa dela eredu soziosanitarioaren aldaketa, pertsonengan zentratutako ereduan aurrera egiteko.

"Probokazio hutsa"

ELAk salatu du egoitza askotan ez direla betetzen bajak eta baimenak eta pandemiaren ondorioz, langileek erabiltzaileentzat denbora gutxiago dutela: “Gaur egun erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion denbora osasun-krisia hasi zenean eskaintzen zenaren berbera edo txikiagoa da”. 

Halaber, salatu dute Gipuzkoako aldundian aurreikusten den egoitzetarako aurrekontuak langileei, gehienez ekarriko diela 14 euroko igoera, “2017tik hitzarmenik gabe eta 246 greba-egun daramatzaten langileei. Probokazio hutsa iruditzen zaigu”, esan dute. Gaineratu dute Kabiak kudeatzen dituen 15 egoitzetatik 12tan “2021erako aurrekontuan sartutako partidak aurreko urteetan baino txikiagoak dira”.  

ELAk gogorarazi du egoitzen sektoreak %88ko finantzazio publikoa duela, eta gaur egun sektoreko langileen %67 irabazi-asmoa duten enpresei atxikita daudela (multinazionalak zein tokiko enpresak).%25ek irabazi-asmorik gabeko patronatuetan edo fundazioetan lan egiten dute, eta %8a baino ez dira administrazio publikoetako edo erakunde autonomoetako langileak (Kabia).  


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.