lan-deialdia

Hiri hondakinen zerbitzuko gaueko arduraduna behar da

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 19a, 09:43

Badesak hiri hondakinak biltzeko gaueko zerbitzuaren arduradun bat kontratatzeko deialdi publikoa egin du. Txandako lan-kontratu mugagabea eskaintzen du. Aukeraketa oposizio bitartez egingo dute. Otsailaren 19ra arte aurkeztu daitezke eskaerak Badesaren Erregistro Orokorrean. 

Badesa da Debabarreneko mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuak ustiatzen dituen sozietate anonimoa. Kasu honetan, hondakinen bilketarekin lotura duen eskaintza egin du.

Hain justu, atzo helarazitako lan-eskaintzaren bitartez, hiri-hondakinen zerbitzuko gaueko arduraduna kontratatu nahi dute. 

GAOn, Gipuzkoako Buletinean argitaratutako iragarkiaren arabera, arduradun horrek lana gaueko ordutegian egingo du. Hala ere, langileak dedikazio osagarria jasotzen duenez, eguneko orduetan lanera joateko prest egon beharko du, gaueko zerbitzuekin koordinatzeko.

Inprimakia eta informazioa

Ikasketa mailari dagokionez, berriz, batxiler titulua edo baliokidea izan beharra dago lanpostura aurkezteko. Atzerriko titulazioen kasuan, haien homologazioa. Horrekin batera, besteak beste, eskatzen dute, gutxienez, bi urteko esperientzia izatea arduradun lanpostuetan.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Badesako presidenteak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartuko du. Webgunean argitaratuko da zerrenda, eta Badesako iragarki oholean erakusgai jarriko da; ondoren, hiru egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko edo baztertzea eragin duten akatsak edo hutsegiteak zuzentzeko. 

Eskaera inprimakia HEMEN klikatuta deskarga daiteke. Informazio gehiago eskuratzeko, berriz, HEMEN klikatu