Bittor Murguzur, larrialdietako osasun teknikaria: “Beldurrez joaten gara lanera”

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 18a, 13:27

Bittor Murguzur anbulantzia aurrean, gaur, eguena.

Egunotan, mobilizazioak egiten ari dira EAEko larrialdietako osasun teknikariak. “Lehen lerroan” lan egin arren, oraindik ez dute SARS-CoV2 koronabirusaren kontrako txertorik jaso eta ez dakite noiz jasoko duten. Bittor Murguzur soraluzetarrak azpimarratu du ez duela ulertzen egoera hori: “Azken batean, azpikontratatuta egon arren, Osakidetzarendako eta Jaurlaritzarendako egiten dugu lan”.

“Guk lehen-lehen lerroan egiten dugu lan. Ondorioz, baita COVIDa duten gaixoekin ere. Adibidez, atzo bertan (eguaztena), etxean erorikoa izan zuen agure batengana joan behar izan genuen, COVIDaz kutsatuta egon daitekeen pertsona baten etxera. Izan ere, bere semea ospitaleratuta dago COVIDarengatik. Hala eta guztiz ere, ez digute txertorik eman eta eskatu arren, oraindik ez dakigu noiz emango diguten”, kontatu du Bittor Murguzurrek, larrialdietako osasun teknikariak.

Murguzurrek kontatu du, bere kasuan, COVIDarekin bateraezina den patologia duela, beraz, ardura bikoitza duela. “Gainera, etxean umea eta emaztea ditut… egia esan, beldurrez joaten gara lanera”. 

Eta gogora ekarri du eurak ere osasun arloko profesionalak direla. Anbulantzian joaten dira larrialdia dutenei arreta ematera, hori da desberdintasun bakarra. "Nik, adibidez, anbulantzia gidatzeaz aparte arreta sanitarioa ematen dut. Azken batean, anbulantzietan lan egiten dugun guztiok egin ditugu bi urteko ikasketak sanitario izateko eta guztiok ematen dugu arreta hori", esplikatu du.  

Bestela, greba

Bizi duten egoera salatzeko, mobilizazioak egiten hasi dira egunotan, atzo Donostian eta gaur Bilbon. Otsailaren 23an, berriz, Gasteizen mobilizatuko dira. Ohartarazi dute kasurik egin ezean, grebara joko dutela, “nahiz eta ez dugun nahi, ze bizi dugun egoera ez da greba egiteko aproposena, baina…” 

Estatuko bestelako erkidegoekin alderatuta, gainera, EAE da larrialdietako osasun teknikariak txertatu barik dituen bakarra.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.