Herenegun, beste bi lapurreta saiakera izan ziren

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 18a, 10:05

Belarrak saltokiko atzeko leihoa, beheko harriak apurtuta dituela.

Herenegun gauean, Iratxon egindako lapurretaz gainera, beste bi saiakera izan ziren herrian. 23:00etan, Bolintxoko atea indarrez zabaltzen ahalegindu ziren. Eta atzo goizean, Belarrak dendakoak jabetu ziren saltokiaren atzeko aldeko leihoetako bat indarrez zabaltzen ahalegindu zirela.

Bolintxoko okindegiko lapurreta saiakerari dagokionez, bertakoak kontatutakoaren arabera, 23:00ak aldera, herritar batek gizonezko bat ikusi zuen Bolintxoko ate txikia kolpatzen. Herritarrak birritan txistukatu zion eta bigarrenean, gizonezkoak ospa egin zuen. 

Gizon handi samarra

Herritar horrek kontatutakoaren arabera, berriz, 1,75-1,80 altu zen gizonezkoa. Eta gorpuzkera handi samarrekoa. Gizonezkoak korrika ospa egin zuenean, herritarrak argi urdinak ikusi zituen eta pentsatu zuen polizia etorri zela norbaitek abisu emanda. Baina ez. Ondoren jakin zuen anbulantzia zela.  

Bolintxokoak 04:00ak aldera jabetu ziren gertakariaz, saltokirako materiala ekartzen duen langileak ateko markak ikusi zituenean. Bolintxokoek salaketa jarri dute. 

Belarrak saltokiari dagokionez, berriz, atzo goizean jabetu ziren atzeko leihoetako bateko beheko harriak apurtuta eta lurrean zeudela eta leihoa tapatzen zuen estalkiak marka batzuk zituela bazterrean. Uste dute hura ere indarrez zabaltzen ahalegindu zirela, baina ez dakite noiz. 

Adierazi zuten eurek ere egunotan ipiniko dutela salaketa.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.