Ibaiko uhartea, 'Ugarresia', garbitzen

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 17a, 13:04

Gaur, eguaztena, Gabolats pareko ibaiko uhartea, 'Ugarresia', garbitzen hasi dira. Eulen enpresako langileak ari dira lanean, Gipuzkoako Uren Agentziaren aginduz. Esplikatu dutenez, uhartean dauden zuhaixka inbaditzaileak kendu egingo dituzte eta gainerako zuhaitzak kimatu, presa efektua saihesteko.

Udaberri-uda sasoian, ibaiko uharteetan eta bazterretan, landaredi handia sortzen da eta presa efektua egiten du. Iaz, gaiarekin arduratuta, hainbat herritarrek ibaiko uhartea eta ibai bazterrak garbitzeko eskaerak aurkeztu zituzten Udalean zein Gipuzkoako Ur Kontsorzioan.  

Ikusita eskariok erantzun barik segitzen zutela, Udalak eta Ur Agentziak abenduan batzarra egin zuten, eskariok tramitatzeko. Eta orain garbiketa lanak egiten hasi dira.

1,80ko alturan laga

Eulen enpresako langileak ari dira lanean. Kontatu dutenez, bertan dauden akaziak eta platanondoak sustraietatik kendu egingo dituzte, landare inbaditzaileak direlako. Gainontzeko zuhaitzak, berriz, 1,80ko alturara arte kimatuko dituzte, presa efektua egin ez dezaten. Gaineratu dute hainbat egunetako lana izango dutela.