Udalak adjudikatu ditu SAPA eremuko lurzoruaren kutsadura azterketa eta esparruaren birgaitze proiektua

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 17a, 11:05

Aurrera doa SAPAren hasierako eraikina birgaitu eta aisialdi-gune bilakatzeko Udalaren proiektua. Diputazioak emandako dirulaguntza baliatuta, Udalak dagoeneko adjudikatu ditu lurzoruaren kutsadura azterketa egiteko eta eraikinaren zaharberritze proiektua idazteko lanak. 

Iker Aldazabal alkateak emandako xehetasunen arabera, lurzoruaren kutsadura azterketa Afesa Medioambiente enpresa bizkaitarrak egingo du, hiru hilabeteko epean. 

Zaharberritze proiektua, berriz, Behark arkitektura enpresa bizkaitarrak idatziko du. Are gehiago, enpresa horrek dagoeneko idatzita du esparruaren gaineko oinarrizko birgaitze proiektua. Orain, hura egokitu eta hilabeteko epean entregatuko dio Udalari proposamen berria. 

Proiektu berriak

Alkateak gaineratu du Udala berehala hasiko dela SAPArako hurrengo proiektuak prestatzen, orain egingo diren bi azterketetatik ondorioztatzen dena gauzatu ahal izateko proiektuak, alegia.  

Izan ere, Rafaela Romero diputatuak SAPAra egindako bisitan, narriatutako eremuak birgaitzeko 200.000 euroko dirulaguntza lerroa iragarri zuen eta Udalak proiektu berriak aurkeztu nahi ditu dirulaguntza horietara. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.