Ertzaintzak iruzur informatiko baten gaineko ohartarazpena helarazi du

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 16a, 11:00
Hainbat ertzain lanean. Argazkia: Ertzaintza

Ertzaintzak ohartarazi du azkenaldian areagotzen ari direla Microsofteko teknikari faltsua izeneko teknikaren bidez egiten ari diren iruzur-ahaleginak. Euskadi osora hedatu dela dio poliziak. Iruzurgileek, telefonoz deituta, biktimaren ordenagailuan birusa sartu dela esan eta hari aurre egiteko programa bat instalatzen laguntzen diote. Ondoren, programa hori baliatuta, biktimaren identitateaz jabetu eta kontu korrontetik dirua lapurtzen diote.

Ertzaintzak esplikatu duenez, honakoa da iruzurraren mekanika: pertsona batek dei bat jasotzen du (ia beti telefono finkoetan). Solaskideak ingelesez hitz egiten du kasurik gehienetan, baina ez beti, indiar azentua ere izaten du. 

Pertsona horrek biktima izan daitekeenari adierazten dio Microsoftentzat lan egiten duela eta biktimaren ordenagailua troiar batek kutsatu duela. Azaltzen dio troiar hori munduko erakunde garrantzitsuei eraso egiten ari dela eta lege-arazo handiak izan ditzakeela, besteak beste, FBIren webguneari ere eragin diezaiokeenez.

Teknikari faltsuak bere burua eskaintzen dio biktimari sistema konpontzeko, lege-arazorik izan ez dezan. Horretarako, jarraibide batzuk ematen dizkio urrutitik kontrolatzeko programa bat instalatzeko. Programa hori guztiz legezkoa denez, antibirusek ezin dute hauteman eta biktimari ez diote ohartarazten arriskutsua dela. 

Ordenagailua kontrolatu

Programa instalatu ondoren, iruzurgilea biktimaren ordenagailuarekin konektatzen da eta haren kontrolaz jabetzen da. Irakurtezinak diren kodeak dituzten hainbat pantaila erakusten dizkio eta birusa aurkitu duela sinestarazten dio. 

Birusa desinstalatzeko itxurak egin ondoren, zerbitzua ordaintzeko eskatzen du. Ez da diru asko izaten. Ordaintzeko, biktima banketxearekin konektatzen da transferentzia egiteko. 

Baina delitugileak, ordenagailua kontrolatzen ari denez, biktimaren identitatea hartzen du eta eskatutako dirua-kopurua handitu egiten du banketxeak baimentzen duen mugara arte.

Ertzaintzak dio litekeena dela beste programa batzuk ere instalatzea, sistemak kontrolatzen jarraitu ahal izateko.

Jarraibideak

Halako deiren bat jasoz gero, honako jarraibideak eman ditu Ertzaintzak: 

  • Telefono-zenbakia jaso eta Ertzaintzari jakinarazi APP-aren bidez edo di@ertzaintza.eus helbide elektronikoaren bidez.
  • Ez egin kasurik esandako ezeri.
  • Programa instalatu bada, desinstalatu, eta beste zerbait ere instalatu ahal izan denez, ekipoa leheneratu. Ekintza horiek oinarrizko ezagutza informatikoak dituen edonork egin ditzake. Hori bai, aurretik datuen segurtasun-kopia egin behar da horiek babestu ahal izateko.
  • Kontuan izan Interneteko enpresa bakar batek ere ez diela erabiltzaileei deitzen (telefoniako operadoreek izan ezik) ekipoetan dituzten arazoak konpontzeko.