Hirugarren olatua samur samar

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 16a, 10:00

Anbulatorioko sarrera gaur goizean, asteartea.

SARS-CoV2 birusaren hirugarren olatuaren eragina jaisten ari dela diote adituek. Soraluzen ere datuak on samarrak dira. Debabarreneko kutsatze-datu baxuenak ditu, Mutrikurekin batera eta ez du herritarrik ospitaleratuta. Anbulatoriotik esan dute eurek ere igarri dutela birusaren eraginaren jaitsiera. 

Urte hasieratik honako intzidentzia ikusita, esan daiteke SARS-CoV-2 koronabirusaren hirugarren olatuak beste herri batzuetan baino gutxiago kolpatu duela Soraluze. Birusaren azken oldarraldian, Soraluze ez da eremu gorrian sartuta egon; bestela esanda, intzidentzia-metatuak ez du 100.000 bizilagunetik 500eko langa gainditu inongo momentutan.

Txertoa

Horrez gainera, ez dago herritarrik ospitaleratuta. Eta txertoari dagokionez, Mesedeetako egoitzan jaso nahi izan duten guztiek jaso dituzte dagoeneko Pfizer txertoaren bi dosiak eta anbulatorioan, bertako osasun profesional guztiek ere jasota dituzte txertoaren bi dosiak; hori horrela, anbulatorioan administrazioko langileak faltako lirateke txertoa hartzeko.

Eguneko zentroan galdetuta, berriz, adierazi dute eurek oraindik ez dutela txertorik jaso eta ez dutela txertoari buruzko bestelako berririk.

Anbulatoriotik kontatu dute bertan asko igarri dutela birusaren eraginaren jaitsiera. Hala ere, ohartarazi dute, une honetan, Donostiako ZIU unitatean 40-60 urte bitarteko ospitaleratu asko dagoela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.