"Pentsioen arazoa diru-sarreretan dago, ez gastuetan"

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 13a, 13:27

2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen-erreformen murrizketak indargabetzea eta Kongresuan Toledoko Itunaren gomendioak berretsi ostean iragarritako murrizketa berriei uko egitea. Gaur, zapatua, bi eskaera horiek egin dizkiote Espainiako Gobernuari pentsiodunen mugimenduek. Soraluzen, 80 bat herritarrek babestu du protesta ekimena. 

Gaur, herriz herri eta hiriburuetan mobilizatu dira pentsio publiko duinen defentsan. Soraluzen, Plaza Berritik abiatu da manifestazioa. Erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte, protesta zaratatsuan 80 bat herritarrek eta Plaza Berrian bukatu dute ekimena.

Han irakurritako komunikatuan, eskerrak eman dizkiete protesta babestu duten ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuei, Euskal Herriko Gutun Sozialari, Babesturi eta Ikasleen Sindikatuari.

"Arazoa diru-sarreretan"

Horren ondoren, salatu dute Toledoko Itunak aldarrikapen nagusiak “errefusatu” izana eta gogora ekarri dute, “Kongresuan bozkatu ostean, Jasangarritasun Faktorea, miseriazko pentsioak eta 2011ko eta 2013ko erreformak indarrean” daudela oraindik eta “erreforma berriei ateak ireki” zaizkiela.

Salatu dute, baita ere, arazoa ez dela pentsioak altuak izatea eta pentsiodunak “denbora gehiegi” bizitzea, askok dioten moduan. Baizik eta “pentsioen arazoa diru-sarreretan” dagoela eta “ez gastuetan”. Gogora ekarri dute “horiek bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen” duela, “langileek gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoan banatzea eta hori posible egingo duen zerga-erreforma sakona egitea”. 

Eta honako aldarrikapenak egin dituzte:

  • Gutxieneko 1.080 euroko pentsioa
  • Birbalorizazio automatikoa
  • Lanbidearteko 1.200 euroko Gutxieneko Soldata
  • 40 urteko kotizazioa duten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea
  • Jasangarritasun Faktorea ezabatzea
  • Genero-arrakalarekin amaitzea
  • Pentsio-plan eta funts pribatuen eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeen zerga-desgrabazioak ezabatzea 

Bukatzeko, azpimarratu dute mobilizatzen segituko dutela: “Itxaropen guztiak gal ditzatela. Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak atsedenik gabe borrokatzen jarraituko dugu gure belaunaldiarentzat eta etorkizunekoentzat pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak lortu arte”. 

Erlazionatuak