Zer da Lurgaia?
Lurgaia 2002an jaio zen, mundu kontserbazionistatik zetozen pertsona batzuen eskutik. Ingurumenarengatik kezkatuta, zeozer eraikitzailea egitera pasatzeko ordua zela erabaki zuten eta fundazioa jarri zuten martxan, hiru programa edo lan ildo nagusirekin: basoen kontserbazioa Quercus, uren kalitatea Aqua eta Biodibertsitatearen zainketa. Basoei dagokienez, Lurgaiak, gaur egun, 500 bat hektarea kudeatzen ditu, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan, Burgosen eta Asturiasen. Basoen kontserbazioaren atalean, gure lana zuhaitzak landatzea eta naturari basoa eratzen laguntzea izaten da. Lursail batzuk fundazioarenak dira eta beste batzuk fundazioak zaintzen ditu, baina jabe izan gabe.
Zer hobesten duzue lursailak erostea ala hitzarmenak sinatzea?
Batzuetan hobe da lurrak erostea, horrela lur horiek beti kontserbaziora bideratuko direla ziurtatzen delako. Lurgaiaren kasuan, noizbait fundazioa desegingo balitz ere, legez ziurtatuta dago ondare hori kontserbazioa lantzen duen antzeko beste erakunde batera pasatuko dela. Lurjabeekin hitzartzea ere egokia da, baina nork daki hemendik berrogei urtera lurren jabe denak zer jarrera izango duen.
Pinuaren gaixotasunak eragin handia izan du basogintzan. Zuen ustez zer ari da gertatzen?
Alde batetik, urteotan asko exijitu diogu naturari, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken lauroegi urteotan, behin eta berriz pinuak ipini eta kendu dira, eta lurra mugitu. Gainera, orain dela berrogei bat urtetik hona sartu den makinaria izugarria da. Horrek lurzorua higatzea ekarri du eta momentu honetan lurrak makal eta gaixorik daude. Bestalde, monolaborantza itzela da eta gaixotasun bat datorrenean, denak kutsatzen dira. Eukaliptoak areagotu egin du alarma. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Portugalen eta Galizian suteekin, eta dagoeneko Bizkaia eukaliptoz beteta dago. Lurgaian ez gaude ustiapenera bideratutako landaketen kontra; egurra eta papera behar ditugu eta argi dago ustiapena beharrezkoa dela, baina, ezin da lurralde osoa horretara bideratu. Oreka behar da.
Gatoz mentalitate batetik zeinak agintzen duen lur guztiei etekin ekonomikoa atera behar zaiela. Zorionez hori aldatzen ari da eta gaur egun jende gazte askok lantegitik edo beste lanpostu batzuetatik ateratzen du bizitzeko behar duena eta ez du horrenbesteko beharrik basotik dirua ateratzeko. Horren alde ona da jende asko datorrela bere lurrak eskaintzera kontserbaziora bideratu nahi dituelako.
Deba bailara da 2020an zuhaitzik gehien bota duen bailaretako bat.
Bai, ikusi besterik ez dago Elgoibar aldeko mendiak zelan dauden, guztiz soilduta. Orain prozesadoreekin mendia guztiz soiltzen dute. Dinamika orokorra izan da azkar kendu, eukaliptoa edo criptomedia japonica sartzeko. Zorionez, azkenaldian indartu den joeretako bat da egur nobleak jartzekoa, gereziondoak eta abar. Aldi berean, Elgoibarren, Eibarren eta Soraluzen herritarrak elkartu egin dira eta talde indartsuak sortu dituzte. Urtarrilean deialdi bat egin dugu Elgoibarren eta boluntario pila etorri dira.
Igoera handia somatu duzue boluntarioen aldetik?
Bai. Boluntario mugimendu itzela dago. Orain dela bost urtera arte boluntarioak gutxi gorabehera beti berdinak izaten ziren, baina azken bost urteetan boluntario kopurua izugarri hazi da. Momentu honetan, bi mila boluntario izatera heldu gara.
Orain pandemiarekin areagotu egin da herritarren parte hartzea. Konfinamenduaren ostean egin diren deialdietan beti gelditu da jendea kanpoan.
Soraluzeko Baso Biziak elkarteak iragarri du Lurgaiarekin elkarlanean jardungo duela.
Bai. Guk azalduko diegu zelan bihurtu daitekeen lursail bat baso eta lagunduko diegu landaketak prestatzen: landareak, erremintak, deialdiak, aseguruak egiteko dokumentuak… Logistika guztia. Dena ondo badoa, bi urte barru taldeak bere kabuz funtzionatuko du.
Oker ez banago, Soraluzen sortu berri den taldean dagoeneko laurogeita bat bazkide dira. Hori arrakasta handia da eta mantentzen bada, Soraluze moduko herri txiki batean sekulakoa da. Guretzat ederra da herrietan Baso Biziak moduko taldeak sortzea, gerora modu autonomoan lan egingo dutenak, antzeko irizpideekin.
Nolakoa izaten da boluntarioen esperientzia?
Guk, landatzen hasi aurretik, azalpen bat ematen dugu egiten diharduguna ulertzeko: non bizi garen, zer ari den gertatzen gure basoetan, zergatik landatzen ditugun zuhaitzak... Hori jendeak asko eskertzen du. Orokorrean, boluntarioak pozik joaten dira etxera; alde batetik, ikasi dutelako ingurumenaren aldetik eta, bestetik, beste pertsona batzuk ezagutu dituztelako. Denetariko jendea etortzen da, bakarka, gurasoak umeekin…
Lan hau da guztien ongizatearen aldekoa eta emaitzak urte batzuk barru ikusiko dituzte, ez guk, beste batzuek. Guk lan egiten dugu munduari eta naturari laguntzeko eta hori jendeak asko eskertzen du; zeozer egitea mundua hobetzeko.
Zehaztu duzue landaketaren bat?
Badakigu otsailean edo martxoan egingo dela landaketaren bat, baina oraindik ez dugu data zehatzik.