Errefusera botatako hondakinen %65 birziklagarriak dira

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 11a, 12:15
Erregetxeko edukiontzi esparrua.

Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, ikerketa egin ondoren, ondorioztatu dute edukiontzi grisetara botatzen ditugun hondakinen %65a birziklagarria dela. Xehetasunei begiratuta, hondakin horien %32,6a, adibidez, organikoak dira. Emaitzen aurrean, Mankomunitateak “hausnarketa” egitea beharrezko ikusten du. 

Joan den urriaren 21en eta 30ean, mankomunitateak eta diputazioak elkarlanean egin zuten edukiontzi grisetara botatzen diren hondakinen gaineko azterketa, eskualdeko herri guztietan. 

Honako emaitzak eskuratu zituzten: “Aztertutako 1.977kg-tik 150kg (%7,4) “elikagaien xahutze” gisa identifikatzen diren hondakinak dira, hau da, haragiak eta arrainak, ogia, pasta eta lekaleak.

Bestalde, 493kg (%25) “elikagaien xahutze” gisa karakterizatzen ez diren hondakin organikoak dira, hala nola lorategiko hondakinak edo hondakin organikoak dituen sukaldeko papera, esaterako. Aipatutako guztiak edukiontzi marroira bota behar dira, ez grisera”. 

Papera, ehunak…

“Aztertutakoaren %11,1a papera eta kartoia da, eta edukiontzi urdinean utzi beharko litzateke. Hondakinen %8,9a larru eta ehun ez-sanitario gisa katalogatu dira, hortaz, edukiontzi zurietan utzi beharko lirateke. %8,5a plastikozko ontziak dira, eta edukiontzi horira bota beharko lirateke; %3,2a berriz, beira da”. 

Emaitzak eskuartean, Mankomunitatetik gogora ekarri dute edukiontzi grisetara botatako hondakinak ez direla birziklatzekoak eta herritarrak gonbidatu ditu “birziklatze ohiturei buruzko gogoeta” egitera, “hobetzeko tarte handia” baitugu. 

%70a helburu

Horrekin batera, Mankomunitateak garbiguneak erabiltzeko eskatu die herritarrei, edukiontzi grisetan ere aurkitu baitituzte garbigunera bideratu beharko liratekeen hondakinak. “2030erako %70eko gaikako bilketa lortzea dugu helburu, eta datuak hobetzen ari diren arren eta 2020an %55era iristea lortu bagenuen ere, oraindik bide luzea dugu egiteko eta ezinbestekoa da herritar guztien inplikazioa eta konpromisoa”.