2016an aukeratu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak gaurko eguna aldarrikapena egiteko, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko.
Egun honen harira, EAEko 78 saltokik Bizilabek (Gazteentzako Zientzia-Bizipenen Labeak) antolatutako Otsailaren 11 erakusleihoak ekimenean parte hartu dute, tartean Soraluzeko seik: Mapfrek, Triskelek, Comercial Vilak, Iratxok, MGS aseguruek eta Mabel ile-apaindegiak.
Matematikariak, biokimikariak…
Hurrenez hurren, merkatariek Marie Tharp (kartografo-ozeanografoa), Gertrude Belle Elion (biokimikoa eta farmakologoa), Eunice Foote (klimatologoa eta asmatzailea), Poppy Northcutt (matematikaria eta NASAko ingeniaria), Nettie Stevens (genetista) eta Jocelyn Bell Burnell (astrofisikoa) zientzialarien lana ekarri dute gogora, euren erakusleihoak haien argazkiekin eta egindako lanekin apainduta. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtu dira.
Erakusleiho guztiak HEMEN klikatuta ikusgai.
Gazteei dagokienez, berriz, Soraluze BHI Institutuan Bizilaben parte hartzen dihardutenek Eunice Footen omenezko esperimentua egin dute. Foote izan zen berotegi efektua esperimentatu zuen lehena.