Itoiz musika taldeari buruzko material eskaera

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 10a, 15:56
Itoiz musika taldea. Argazkia: Eibar.eus

Itoiz musika taldeari buruzko pelikula ari da prestatzen Doxa Producciones ekoiztetxea. Horretarako, musika taldearen gaineko materiala behar dute eta hori eskuratzeko laguntza eskatzen ari dira herriz herri, artxibo partikularretara iristea helburu. Soraluzetarrei ere egin nahi diete eskaera. Edozein motako materiala behar dute: artikuluak, argazkiak, bideoak, soinu grabazioak…

“Badakigu sortu zenetik taldeak jarraitzaile ugari izan zituela eta litekeena dela partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea. Orain arte informazio ugari bildu dugu baina badakigu oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela eta material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna, profesionala edo afizionatua, kalitatezkoa edo etxekoa”, esplikatu dute eskaera egiterakoan.

Gaineratu dute Itoizi buruzko materiala ez ezik, haren aurrekari izan zen Indar Trabes musika taldearena ere eskertuko luketela.

Inork materialik balu (artikuluak, argazkiak, bideoak, soinu grabazioak...), honako helbidera bidaltzeko eskatu dute: archivo@doxaproducciones.com. Gero eurak pertsona horrekin harremanetan jarriko dira eta beharrezko xehetasun guztiak azalduko dizkiote. 
 
Itoiz musika taldea 1976an sortu zen eta 1988an desegin. 1978an atera zuen lehen diskoa, Itoiz. Lehenago, 1974tik 1978ra, Itoizen aurrekari izan zen Indar Trabes musika taldea. 

10 urteko historia

Doxa Producciones ekoiztetxearen asmoa da 2022 ingururako egitea Mutrikuko musika talde ezagunari buruzko pelikula. Itoiz udako sesioak izenburua ipini diote egitasmoari eta ekoiztetxearen web atarian horrelaxe aurkezten dute: “70eko hamarkadaren amaieran Mutrikuko mutil batek rock-talde bat sortu nahi zuela erabaki zuen. Hamar urte beranduago, talde horrek estadioak bete eta salmenta-markak hausten zituen. Euskal musikaren panoraman erreferente bilakatu zen: Itoiz. 10 urteko historia labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek abentura amaitutzat eman zuen. Kritikari eta zaleen harridurarako unerik gorenean zegoenean taldea utzi zuen, 30 urte beranduago ezin dio haren itzalari iskin egin”.