Eremu gorrian egonda ere, ostalariek zabaldu ahalko dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 9a, 17:06

Ostalariek aurkeztutako helegitea onartu egin du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori horrela, eremu gorrian dauden herrietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena berreskuratu dute. Ondorioz, Debabarrenean, bihartik, Elgoibarko eta Mendaroko ostalariek ere izango dute negozioak zabaltzeko eskubidea, nahiz eta bi herriak eremu gorrian sartuta egon.

Eremu gorrian dauden herrietako ostalaritza jarduerak ixteko aginduaren kontra aurkeztu zuten helegitea Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ostalaritza elkarteek, joan den astean.

Gaur, haren gaineko behin-behineko epaia eman du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak. Eta onartu egin du ostalarien helegitea. Ondorioz, bihartik, atzera ere zabaldu ahalko dituzte negozioak EAEko herri guztietako ostalariek, baita eremu gorrian dauden herrietakoek ere.

Auzitegiak arrazoitu du oraingo baldintzetan ostalaritza irekitzea ez dela "arriskutsua" osasun publikoarentzat, azken asteetan izandako kutsatzeen areagotzeak ez duela zerikusirik tabernak eta jatetxeak zabalik egotearekin. Besteak beste, gaineratu dute intzidentzia txikiena abenduaren 27an izan zen eta ordurako ostalaritzak 15 egun zeramala zabalik eta bestalde, Eguberrietan bestelako neurri batzuk hartu zirela gogora ekarri dute. Zentzu horretan, uste dute kutsatzeen %80 familia arteko topaketetan egin zirela. 

Gogoan izan, gaur gaurkoz, ostalariek 20:00etatik 06:00ak arte itxi egin behar dutela, terrazetan asko jota lau lagun egon ahal direla mahaietan, mahaiek elkarren artean segurtasun distantzia gorde behar dutela eta barran ezin dela kontsumitu.

Auzitegi Nagusiak gaia aztertzen segituko du harik eta behin betiko erabakia hartu eta ebazpena eman arte.