Hiri hondakinak gauez batzeko peoi lanpostua

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 9a, 10:04

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak gaueko hiri hondakinen bilketa zerbitzurako peoi lanpostua egonkortzeko prozesua abiarazi du. Izena emateko epea zabalik dago, otsailaren 18ra bitartean. Oposizio bitartez aukeratuko dute langilea. 

Bestelako baldintzen artean, lanpostura aurkezteko eskola-ziurtagiria izan beharra dago. Bestalde, hiri hondakinen langile espezialista modura izandako lan esperientzia baloratuko dute merezimendu gisa. 

Langile horrek, berriz, hainbat zeregin izango ditu; baina, oro har, honakoa da lana: edukiontziak eta gainerako hiri hondakin solidoak hurbiltzea eta deskargatzea.

Oposizio bidez

Izenak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 18ra arte eta bi bide daude horretarako: mankomunitateko Erregistro Orokorrean aurkez daitezke, zein Correos bitartez. Edozelan ere, izena eman aurretik, mezu elektroniko bitartez jakinarazi beharko zaio mankomunitateari: debabarrena@debabarrena.eus. 

Behin izangaiak aztertu eta baldintzak betetzen dituztenak onartu ostean -zerrenda argitaratu egingo dute-, oposizio-probarako data, ordua eta lekua zeintzuk diren jakinaraziko dituzte, mankomunitatearen iragarki-taulan zein haren webgunean.

Aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen markoan argitaratu du mankomunitateak lan eskaintza hori, 2019-2023rako onartu zen enplegu planaren markoan. 

Xehetasun gehiago, HEMEN klikatuta.