Zapatuan, pentsioen aldeko manifestazioa

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 8a, 13:46

60 bat herritar Plaza Berrian, pentsio publikoen alde, gaur.

Zapatuan, 12:30ean abiatuko da Plaza Berritik oraingo, geroko eta etorkizuneko pentsioen aldeko manifestazioa. “Indarrak batu eta kalera irten behar dugu gure duintasuna defendatzeko”. Halaxe iragarri dute gaur eguerdian egindako elkarretaratzean. Gaineratu dute "borrokaldi berri batean" sartu behar direla. 60 bat lagunek babestu du gaurko protesta.

Jakinda laster Legebiltzarrean pentsioen lege berria eztabaidatuko dutela,  pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean "erne" egongo direla ohartarazi dute.

Gogora ekarri dute "Europar Batasunak ematen duen dirua jasotzeko ezinbesteko baldintza" direla "erretiro aurreratua hartzeko aukera gogortzea eta erretiroa atzeratzen laguntzea" eta horrek atea zabaltzen diola pentsioa kalkulatzeko lan-bizitza osoa kontuan hartzeari.

Pribatuak

Halaber, salatu dute gobernuari Bruselarekin "konpromisoa" hartu izana "pentsio-plan pribatuen sustapena bultzatzeko". "Plan pribatuak inposatu nahi dituzte, solidarioak eta seguruak ez direnak, espekulazio finantzarioan oinarritzen baitira eta desberdintasuna eragiten baitute", adierazi dute.

Horregatik, besteak beste  "erne" egongo direla azpimarratu dute, "pentsioak murriztu nahi dizkigutenek es baitute atsedenuk hartzen". 

Zentzu horretan, zapaturako manifestazio zaratatsua iragarri dute. "Guztioi eragiten digu eta ahalegin handiz defendatu behar ditugu gure eskubideak", esan dute.