Otsailaren 25ean, batzar orokorra

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 8a, 09:43

2019ko batzar orokorra.

Itxaropena Erretiratuen Elkarteko zuzendaritzak egin du deialdia aurtengo batzar orokorra egiteko. Otsailaren 25erako deitu dute, 8 puntu lantzeko, tartean, elkartearen izen aldaketa. Bestalde, iragarri dute batzarra hasi aurreko itxaronaldia “magia saio ikusgarri batekin animatuko” dela. Batzarra, Herri Antzokian izango da.

Otsailaren 25ean, 17:00etan egin dute batzar orokorrerako lehen deia eta 17:30ean, bigarrena. Segurtasun neurriak direla-eta, asko jota 100 partaide bertaratu ahal izango dira. Mahai gainean, berriz, 8 puntuko gai zerrenda izango dute aztergai.

Izen aldaketa eta beste

Horien artean, urteko batzar nagusietan ohi denez, elkartearen egoera ekonomikoaren berri emango dute; izan diren altak eta bajak jakinaraziko dituzte; zuzendaritza-batzordea berritzea proposatuko dute eta berritasun modura, elkartearen izena aldatzeko proposamena landuko dute. 

Horrez gain, iragarri dute batzarra hasi aurreko itxaronaldia animatzeko, 16:50ean “magia saio ikusgarria” izango dela. 

Aurten, pandemia dela-eta, Itxaropena elkartearen aretoan barik, batzarra Herri Antzokian egingo dute.