Gorputzean marraztearen artea

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 6a, 09:05

Tatuajeak modan daude. Sasoi batean tribuen, kartzelen, erritoen, banden edo mugimendu undergroundaren ikurrak zirenak gero eta hedatuago daude gaur egun, batik bat, pertsona ezagunek tatuaje ugari dituztelako bistan; Soraluzen ere bada tatuaje estudio bat: Nibiru Estudio Artistikoa.

Argazkiak: Jefry Cid eta Fernan Oregi.

Munduan aurkitu den tatuaje baten aztarnarik zaharrenak 5.300 urte inguru ditu. 2019an, Austriaren eta Italiaren arteko mugako glaziar batean, neolito garaiko ehiztari bat aurkitu zuten, izoztuta. Ötzi izena ipini zioten eta ia 80 tatuaje  zituen gorputzeko hainbat ataletan. 

Tatuajeak, Historiaurretik hasita, munduko kontinente guztietan erabili izan dira. Batzuetan erritoengatik, bestetan  erlijio-sinismenengatik, arrazoi estetikoengatik ere bai, baita gaizkileak markatu eta seinalatzeko ere. 

Tatuajeak erabiltzeko ohiturak gorabehera handiak izan ditu. Baina gaur egun, moda-modan daude. Orain, batik bat arrazoi estetikoengatik egiten dira. Gazteek zein helduek, emakumeek zein gizonek. 

Famosoek bistaratuta, gizartean normalduta 

Gaur egun, kontu estetikoagoa da tatuajeak egitea

Ainhoa Arruabarrena Gil (Soraluze, 1986) Nibiru Tattoo Estudio Artistikoko tatuatzailea eta ugazaba da. 
Orain dela bost urte zabaldu zuen Baltegieta kaleko estudioa eta zazpi urte daramatza tatuajeak egiten: "Lehen (60-70eko hamarkadetan), tatuajeak egitea mugimendu undergroundarekin lotutako kontua zen; lehenagotik, kartzelekin lotutakoa ere bai. Hemendik kanpo, berriz, bandek ugari erabiltzen dituzten markak edo ikurrak dira eta tribuendako esanahi berezia dute. Gaur egun, ordea, kontu estetikoagoa da tatuajeak egitea. Jende asko tatuajez beteta ikusten dugu eta horren ondorioz, gainerako guztiek errazago onartzen ditugu, normal ikusten ditugu. Hori bai, mota eta esanahi askotarikoak izaten dira. Tatuaje bat egiteko arrazoiak ere ugariak dira. Batzuk dekoratiboak dira, polit geratzen direlako egiten dira. Beste batzuk sentimentalak dira, norberarentzat sinbologia handia dutelako egiten dira. Beste kasu batzuetan, berriz, gustuko ez diren tatuaje zaharrak tapatzeko egiten dira berriak, adibidez, lehenagoko bikotekideen izenak tapatzeko edo ezabatzeko… Denetik dago." 

Finak, zuri-beltzekoak… 

Soraluzeko tatuatzaileak berak ere denetariko tatuajeak egiten ditu: "Emakumeek, adibidez, tatuaje finak nahiago dituzte, diskretuak. Asko izaten dira detille txikitxoak. Mota horretako tatuajeak egitea oso zaila da, pultsua sendo izan behar da eta. Bestalde, hemen, gehienbat zuri-beltzekoak egiten dira, koloreekin oso diskretuak baikara euskaldunak. Gainera, eguzkiaren erradiazioarekin gehiago sufritzen dute koloreek eta lehenago ajatzen dira. Hainbat bezero, berriz, etortzen dira ideia jakin batekin, baina marrazki barik. Niretzat horiek dira lanik politenak, izan ere, neuk sortu behar dut zerbait bezeroak esandakoarekin, marrazkia egitetik hasita, eta, egia esan, ez da beti erraza izaten lehenengoan asmatzea. Gainera, batzuetan badakizu pertsona horren ideia ez dela polita geratuko azalean eta ideia horretatik abiatuta aholkuak ematen saiatzen zara. Bezero batzuk oso burugogorrak dira, baina normalean laguntza eta aholkuak onartu egiten dituzte". 

Nibiru estudio artistikoan zerbitzu integrala eskaintzen dute, tatuajearen diseinutik hasi eta tatuajea bera egiteraino.

Arruabarrenak zerbitzu integrala eskaintzen du Nibiru estudio artistikoan, tatuajearen diseinutik hasi eta tatuajea bera egiteraino. Izan ere, tatuatzaile izan aurretik, Arruabarrena marrazkilaria da zaletasunez zein ikasketez. Arte Ederretan lizentziaduna, "marrazkilaritzan eta pinturan zentratu" zituen ikasketak, nahiz eta "teknika mordoa probatu  zituen: zeramika, eskulanak… denetik". 

Horrez gain, unibertsitatean Anatomia Artistikoaren espezialitatea ere egin zuen, beraz, "gorputzaren formak eta bolumenak ondo ikasita" ditu Soraluzeko tatuatzaileak eta horrek oraingo lanbidean "asko" laguntzen dio tatuajeen diseinuak "atal bakoitzean egokien geratzen den modua ikusten". 

Artea azalean

Ikasketak bukatuta, soldata irabazi beharrak bultzatu zuen tatuajegintzan jardutera: "Bizitzeko zerbait praktikoa behar da eta tatuatzaile modura badago irteera. Gustuko dut hori ere, tatuajeak egitea beste arte mota bat baita, beste euskarri batean egiten den artea; papera, mihisea edo koadernoa hartu beharrean, tatuaje bat egiteko azalpean marrazten da. Edozelan ere, tatuajeen prozesuan, tatuajeak diseinatzeko marrazteko materiala erabili beharra dago, beraz ez dago marrazkigintzatik horren urruti ere… Horrela hasi nintzen tatuatzaile. Dena den, horrez gain, marrazkiak egiten jarraitzen dut. Zentzu horretan, enkarguak onartzen ditut, edozein estilotan: arkatzez, pinturaz… Diseinuak ere egiten ditut enkarguz, kamisetetarako, logoak, muralak… edozein diseinu mota".

Bertako zein kanpoko bezeroak 

Arruabarrenak bere kabuz ikasi zuen tatuatzen, horretarako ez baitago ikasketa ofizialik: "Ez dago non ikasi. Tatuatzaile askok euren jakintza partekatzen dute Internet bitartez. Nik horrela ikasi dut. Bestalde, tatuajeak egiteari buruzko ikastaroak egon egoten dira, baina sarri marrazten eta diseinatzen erakusten dute batik bat, eta hori nik banekien egiten. Nik tatuajeak egiteko teknika, makinaren funtzionamendua... ikasteko beharra nuen; hori da ikasten joan naizena. Hori bai, estudioa zabaltzea erabaki nuenean, Higieniko-sanitario izeneko ikastaroa egin nuen Gipuzkoako Erizaintzako Elkargo Ofizialean, hori beharrezkoa baita tatuaje, mikropigmentazio eta piercing estudio bat zabaltzeko baimena lortzeko. Ondoren, eta askorendako herri txiki batean tatuaje estudio bat zabaltzea oso arriskatua izan arren, hala egin nuen. Egia esan, apur bat ausartu egin behar zara, saiatu ezean ez dago ezer eta begira, bost urte pasatu dira jada". 

Bost urte horietan, ahoz ahokoari eta ,batez ere, Interneti esker, bertako zein kanpoko bezeroak erakarri ditu Soraluzeko tatuatzaileak Baltegietako estudiora: "Soraluze ingurutik bezero asko dator, nahiz eta tatuaje estudio gehiago ere badagoen. Urrutiagotik ere etorri izan zaizkit bezeroak, LogroÒotik, Donostia ingurutik ere bai… Interneti esker izaten dute nire berri. Bitxikeria moduan, gainera, urrutitik etorri izan diren batek baino gehiagok esan dit Soraluze polita dela. Ez, akaso, etxeak-eta, baina bai bertako parajeak. Bestalde, Soraluzen gero eta jende gehiagok egiten du tatuajea. Oso jende mota desberdinak, gainera. Askotan inork uste ez duen pertsona horrek ere tatuajea dauka, sarri tatuaje bat baino gehiago, emakume eta gizon nagusiek…" 

Gero eta errazagoa 

Niregana etorri den pertsona nagusienak 62 urte zituen

Soraluzeko estudioan tatuatu den pertsonarik nagusienak, adibidez, 62 urte zituen: "Hona gazteak etortzen dira, baina 40tik gorakoak ere bai. Niregana etorri den pertsona nagusienak 62 urte zituen. Nik edozein adinetako pertsonak animatzen ditut tatuajea egitera. Sekula ez da berandu. Askok zalantza dute, ez direlako inoiz ausartu, baina detailetxo bat edukitzeko, zergatik ez? Egia da ez dela gauza bera 20 urterekin duzun azala edo 60 urterekin duzuna. Kasu horretan, tatuajearendako kokapena adinaren arabera aukeratzea da onena. Hala ere, nik beti animatzen dut edozein". 

Arruabarrenak azpimarratu du tatuajeak izatea gero eta "normalagoa" izateaz gain, tatuajeak egitea geroz eta errazagoa ere badela eta antzina baino dezente min txikiagoa ematen duela: "Batez ere teknikak aldatu egin direlako. Lehen tatuatzaileek eurek sortu behar izaten zituzten tatuatzeko makinak, orratzak soldatzen-eta. Gaur, makinak askoz samurragoak dira tatuajea egiterako orduan, bizkorragoak ere badira eta ez dute horrenbeste zarata ateratzen; askoz ere atseginagoa da prozesua".

Zailtasuna lekuaren arabera 

Tatuajeak egiteko lekurik zailenak lepoa eta saihets aldeak dira

Arruabarrenak azpimarratu duenez, tatuaje baten zailtasuna tatuajea egiteko aukeratutako gorputz atalaren ezaugarriek zehazten dute: "Leku batzuk oso deserosoak dira. Lekurik zailenak lepoa eta saihets aldeak dira. Saihets ingurua, adibidez, ez da zuzena, ondorioz, azala ondo tiratu behar da tatuajearen trazua lisoa izateko, bestela tinta galdu egiten da azalpean. Tinta barruan larregi sartzen bada, berriz, ubeldu moduan geratzen da. Bestalde, inguru horretan, azalaren bigarren kapan egin behar da tatuajea eta kontu handia behar da. Garrantzitsua da, baita ere, bezeroa ez mugitzea… Lepoari dagokionez, berriz, tatuajea egitean bezeroarengandik oso-oso gertu egon beharrak deseroso egiten du prozesua, horregatik da zailagoa. Bestalde, gorputzeko hainbat leku oso sentiberak dira. Haietan min handiagoa egiten du tatuajea egiteak: ukondoaren barruko aldean, belaunpean, oinbularretan…".

Hala ere, min hori askok uste baino jasangarriagoa dela dio Ainhoak: "Nire estudioan pertsona bakarra zorabiatu da. Saihets inguruan egin behar nion tatuajea, urduri zegoen eta erlaxatzeko zerbait hartuta etorri zen. Baina kontrako efektua egin zion. Izan ere, tatuajea egin aurretik ez da komeni ezer hartzea lehenago. Ez alkoholik ezta beste ezer ere. Ondo janda etorri eta listo". 

Txikiak, ordu erdi pasatxoan 

Tatuaje bat egiteko behar den denborari dagokionez, tatuajearen tamainak zehaztuko du lanaren iraupenaren gehiena, noski. Baina txikitik hasteko aukera ere ematen dute tatuajeek: "Txikien kasuan, ordu erditik aurrera behar izaten dut, baina ez askoz gehiago. Normalean, ordubete inguru tardatzen dut; oso tatuaje handiak direnak, berriz, sesio desberdinetan egiten dira". Hala ere, Arruabarrenak gaineratu du tatuaje baten atzetik lan handia egoten dela: "Asko ez dira jabetzen tatuaje baten atzetik dagoen lanaz. Marrazkirako ideia nik landu behar badut, adibidez, erakusten joaten naiz… prozesua luzatu egiten da". 

Tatuajeez gain, mikropigmentazioa ere egiten da Nibiru estudioan

Tatuajeez gain, mikropigmentazioa ere egiten du Nibiru estudioan: "Mikropigmentazioa makillaje moduko bat da, betiko egiten dena. Adibidez, zikatrizak, orbainak-eta disimulatzeko erabiltzen da gero eta gehiago, bekainak marrazteko ere bai -behin egin dut- eta burusoilak tapatzeko ere egiten dira. Ondo eginez gero, ondo gelditzen dira". Piercingik, berriz, ez du egiten. "Teknika desberdinak dira, batak ez dauka bestearekin zerikusirik. Nik ez dut piercingik egiten. Eskaera handiegirik ere ez dut izan, dena den". 

Ondo aukeratu non egin

Higiene eta segurtasun baldintza oso zorrotzak bete behar dituzte estudioetan

Gogoan hartu beharreko bat ere azpimarratu du Arruabarrenak: tatuaje bat egiterakoan kontuz aukeratu behar dela non egin.  "Badaude Wallapop eta halako lekuetan iragarkiak jartzen dituztenak eta etxean tatuatzen dutenak, baina ez da gauza bera. Guk higiene eta segurtasun  baldintza oso zorrotzak bete behar ditugu. Pentsa, COVID-aren pandemian egon arren, nire kasuan, ez zait funtzionamendua ia ezertan aldatu. Nik koronabirusaren eragina igarri dut jendearen mugikortasuna murriztuta egon denean, jendea ezin izan denean kanpotik etorri, baina bestela nik ez dut nire lan egiteko modua aldatu behar izan; aldaketa bakarra  orain sarreran ere maskararekin egon behar dudala da, baina barruan dena da lehengo moduan".

Azkenik, pandemiari buruz galdetuta, tatuatzaileak kontatu du horrek, oro har, ez dituela Nibiru estudioko bezeroak uxatu: "Esan daiteke konfinamenduan jendeak denbora hartu duela tatuajea egin nahi duela pentsatzeko eta zelakoa nahi duen erabakitzeko. Gainera, badirudi jendeak aurreztu ere egin duela, parrandarik egin ezin denez, edo bidaiara ezin denez joan… Alde horretatik, ondo nago", dio soraluzetar gazteak. 

Oharra: Ainhoa Arruabarrena Gilek bere lan ia guztien argazkiak Instagramera igotzen ditu, @nibiruarte da bere kontua.