Kejak eta eskarixak

Utzikeriarengatik kexak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 5a, 17:23
Farolako txakur-kaka, letreroarekin.

Azken egunotan, kexak helarazi dituzte, hainbaten utzikeria dela-eta. Batu bako txakur-kakengatik jaso dira kexarik gehienak. Gaur, berriz, herriko edukiontzi baten ondoan lagatako zikinkeria salatu du Udalak.

Txakur-kakei dagokienez, herritar batek, adibidez, Estaziñotik bidegorrirainoko espaloi tartearen eta Estaziñotik Ezozi biderainokoaren egoera "lotsagarria" salatu du. "Dena dago txakur-kakez beteta", esan du R.O. herritarrak, "baina, batez ere dago bat farola batean… demasa!", gaineratu du.

Hain justu, farolako horretakoa jasotzeko eta ingurua zaintzeko eskariarekin, eskolako umeek kartela ere ipini zioten gainean. Baina J.M. herritarrak salatu duen moduan: "Kasoik ezzzzzz!!!!". Astebete pasa geroago, hortxe dirau kaka piliak.

Umeek herriko bestelako puntu ugaritan ere ipini dituzte ingurua zaintzeko eta zikinkeriak batzeko eskaridun kartelak.

Bestalde, gaur goizean, barikua, Loraldeko edukiontziaren inguruko egoera salatu du Iker Aldazabal alkateak. "Benetan onartezina da oraindik ere gertaera hauek ematea. Herritarren laguntza eskatzen dugu gertaera hauek salatu ditzaten".