Edukiontzi zurian liburuak eta jostailuak ere jasoko dira aurrerantzean

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 5a, 13:06
Errekaldeko edukiontzi zuria.

Aurrerantzean, edukiontzi zurietan, arropaz, oihalez eta ehunez gain, liburuak, jostailuak, bitxiak eta bazar-hondakinak ere laga ahal izango dira. Horrelaxe jakinarazi du Debabarreneko Mankomunitateak. Datozen lau urteotan, irabazi asmo bako Koopera enpresa arduratuko da zerbitzuaz, ia 49.500 euroko aurrekontuarekin.

Aurtendik hasita, arropa, oihalak eta ehunak biltzeko edukiontzian, liburuak, jostailuak, bitxiak (lepokoak...) eta bazar-hondakinak (figuratxoak eta bestelakoak) ere batuko dituzte. Debabarreneko Mankomunitateak azpimarratu duenez, helburua da “ahalik eta hondakin gehien gaika biltzea, baita euren tipologiagatik berrerabiltzen errazak direnak ere, hortaz, hemendik aurrera edukiontzi honetara ere bota ahal izango dira aurrez aipatutakoak”.

2019an, mota horretako 273 tona hondakin sortu ziren Debabarrenan; 2020an, berriz, kopuru hori 255 tonatara jaitsi zen. 2021erako kopuruak gora egitea espero da, eta 282 tona biltzea. 2019an biztanleko 3,84k. batu ziren, 2020an 3,78k eta 2021ean 3,94k.

Soraluzen, 3

Mankomunitateak helarazitako datuen arabera, Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten gehien mota horretako hondakinak; Deban zehazki 5,69 kilora iritsi zen biztanle bakoitzak bereizitako kopurua. Mankomunitatetik zera adierazi dute: “Lanean jarraituko dugu gainerako udalerriak mota horretako hondakinen gaikako bilketa maila horietara irits daitezen".

Gaur egun, 33 edukiontzi zuri daude eskualdean: Soraluzen 3, Eibarren 11, Ermuan 6, Elgoibarren 5, Deban 4, Mutrikun 2 eta Mallabian eta Mendaron bana. Mankomunitateak, lehiaketa publiko bidez, Koopera irabazi asmo bako enpresari adjudikatu dio erabilitako arropa eta beste hondakin berrerabilgarriak batzeko datozen lau urteotarako zerbitzua, 49.280 euroko aurrekontuarekin. Kontratu berriarekin bi edukiontzi berri izango dira eskualderako; “horiek non jarri erabaki beharko da”, diote Mankomunitatetik.

Bilketa maiztasunak

Edukiontzi zurietako hondakinen bilketari dagokionez, berriz, hondakin gehien sortzen diren udalerrietan, hau da, Eibarren, Ermuan eta Elgoibarren, astean hirutan egingo da, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Eskualdeko gainerako udalerrietan, berriz, astean birritan egingo da, astearteetan eta ostegunetan. Kasu guztietan, bilketa egunez egingo da.

Hondakinen berrerabilera sustatuz

Mankomunitateak helarazitako datuen arabera, 2019an, Kooperak batutako hondakinen %47,49a berrerabili egin zen, %37,63a birziklatu egin zen eta %14,88a erraustegira bideratu zen.

Gaineratutakoaren arabera, Kooperak berrerabilpen tasa hori lortu du, neurri batean, eskualdean dituen bi dendei esker: Koopera Store. Bi saltokietan, berrerabilitako materialak merkaturatu egiten ditu. Horietako bat Ermuako Goienkale kaleko 7. zenbakian dago, eta bestea Eibarko Zuloagatarren kaleko 5. zenbakian.

Mankomunitatetik Debabarreneko herritarrak hondakin mota horiek bereiztera animatzen jarraitu nahi dute, erraz berrerabil daitezkeenez, ingurumen-inpaktu txikiagoa sortzen baitute. Mota horretako hondakinen gaikako bilketak lagunduko du lortzen Mankomunitateak 2030erako proposatutako gaikako bilketa % 70a izateko helburua.