COVID-19a baliatuta, iruzur saiakerak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 5a, 10:02

Deba-Urola ertzain-etxetik ohartarazi dute atzera ere detektatu dituztela iruzur saiakerak COVID-19a baliatuta. Adinekoen etxeetara deitu eta haiekin hitzordua egiten ahalegindu dira, txertoa ipiniko dietela esanez zein COVID-19arekin lotutako kanpaina bat egiten ari direla esanez. Ertzaintzak eskatu du halako deiren bat jaso ezkero, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari jakinarazteko. 

Ertzaintzak ondorioztatu du atzeman dituzten telefono dei horien helburua izan daitekeela adinduen gaineko xehetasunak jakitea gero haiekin hitzorduak egin eta “salmenta agresiboak” egiteko. Bestela esanda, “babesik gabeko pertsonek nahi eta behar ez dituzten produktuengatik diru-kopuru handiak” ordain dezaten lortzeko. 

Etxez etxekorik ez

Poliziak gogora ekarri du COVID-19arekin lotuta ez dagoela etxez etxeko inolako txertatze-kanpainarik. Txertaketa 2020ko abenduaren 27an hasi zen. Lehen fasean, egoitzetan eman zuten; orain bigarren fasean dago eta osasun arloko langileei ari zaizkie txertoak ipintzen. Hortik aurrerako faseen berri Osakideetzak eta Osasun Sailak emango dute, txerto gehiago iritsi ahala.

Gomendioak

Balizko iruzurrak edo etxeetan lapurretak egiteko arriskua saihesteko, honako gomendioak helarazi ditu Segurtasun Sailak:

  • Adinekoei txertoa jartzeko edo bestelako kanpaina instituzionalak komunikabideen bitartez iragarriko dira.
  • Halako deiren bat jaso ezkero, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari jakinarazi. Zalantza izanez gero, 112ra deitu eta bertan azaldu gertatutakoa.
  • Informazioa kontrastatu, telefono edo web orri ofizialetan.
  • Telefonoz ez eman inolako datu pertsonalik.
  • Telefonoz deitzen duten ezezagunekin ez egin aurrez aurreko hitzordurik
  • Eskaintzen duten informazioa norberak ez badu eskatu edo deiren baten zain egon ezean, ez hartu ezezagunen telefono deirik.
  • Ez laga ezezagunei etxean sartzen, ez zabaldu atezain automatikorik, ezta etxeko aterik ere.
  • Atean behatxulorik ez baduzu, ipini.
  • Konponketaren bat egin beharra izanez gero, datorrenari eskatu enpresako egiaztagiria eta hura datorrenean, senide edo auzotar batekin egoteko aukera bada, hobe.
  • Ez eman ezezagunei norbere mugimenduei buruzko informazioa.