Itxaropena Erretiratuen Elkartearendako izen berri bila

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 4a, 10:02

Otsailaren 25ean, Itxaropena Erretiratuen Elkartearen urteko batzar orokorra egingo dute. Bertan mahai-gaineratuko duten gaietako bat izango da elkartearen izena aldatzeko aukera. Egunotan, proposamenak egiteko eskaera egin dute. Edozeinek egin ditzake proposamenak. Itxaropena elkartearen blogean ari dira haiek jasotzen. Oraingoz, bi daude. 

Gaur egun, herriko erretiratuen elkartearen izena da Itxaropena Erretiratuen Elkartea. Elkartearen logotipoan, berriz, Zaharren Biltokia jartzen du. Hainbaten ustez, izen horiek ez dira aproposak eta izena aldatzeko aukera planteatuko dute elkartearen aurtengo batzarrean, otsailaren 25ean.

Zuzendaritzako kide Nikolas Morillok esplikatu duenez, batzarrean bertan nahi dute erabakiren bat hartu. Lehenengo, izena aldatzeko aukera bozkatuko dute. Onartzen bada, izen berri posibleak mahai-gaineratuko dituzte eta haiek bozkatu. 

Edozeinek proposa dezake izena

Halaber, herritarrak gonbidatu dituzte izen berriak proposatu ditzaten. Itxaropena elkartearen blogean egin behar dira proposamenak. Oraingoz, bi jaso dituzte: Jubilatuen Etxea edo Nagusien Elkartea.

Izena aldatzea onartuz gero, elkartearendako logotipo berria egingo dute eta erregistroan izena aldatuko dute.