Promozio bideoa

Hurbiltzen, jatorri ezberdinetako familiek elkar ezagutzeko programa pilotua

Egoitz Unamuno 2021ko ots. 4a, 08:35

Urritik abendura bitartean, herriko lau familiak Hurbiltzen familia-programa pilotuan parte hartu dute. Astean behingo jolas eta solas saioetan elkar ezagutu dute, euskara oinarri hartuta. Otsailetik aurrera, jarraipena izango du eta izen-ematea zabalik dago.

Kulturartekotasuna eta elkarbizitza dira Hurbiltzen familia-programak lantzen dituen balio nagusiak, euskararekin batera. "Dinamika oso sinplea da: astean ordubetez, familia euskaldunak eta ez-euskaldunak leku eder batean elkartu eta elkarrekin jolastu eta solastu". Hain zuzen, horixe da urritik abendura bitarteko eguen arratsaldetan herriko lau familiak egin dutena: Tolarekua aretoan elkartu eta jolastu, Arrate Espilla Pil-pileaneko aniztasun teknikariaren gidaritzapean. Soraluzekoa proba pilotua izan da eta antolatzaile nahiz parte hartzaileen esanetan, emaitza "oso positiboa" izan da. 

Horregatik, Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak (proiektuaren bultzatzaileak), Pil-pileanek eta Udalak herrian familia-programari jarraipena ematea erabaki dute, "Soraluzen  behar handia dagoelako eta programak funtzionatzen duela ikusi dugulako". 

ARRATE ESPILLA Dinamizatzailea

"Oso esperientzia polita da familien artean zubiak sortzen laguntzea. Aberatsa. Beste pertsona batzuk, euren kultura eta bizi-ohiturak, jolastuz eta berba eginez, ezagutzeko aukera ematen digu"

IHAM CHIGUER Partehartzailea

"Euskarara gerturatzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera ematen dit. Gainera, semeak aukera du herriko beste ume batzuekin euskaraz jolasteko, oso polita den leku batean.".

HIART ARLUZIAGA Partehartzailea

"Azken urteotan Soraluzera kanpotik jende asko etorri da eta nik aberastasun horretatik edatea eta nire alabari elkarbitzitzaren eta aniztasunaren baloreak erakustea nahi dut". 

Izen-ematea zabalik

Egitasmoan parte hartu nahi duten familiek otsailaren 15era bitartean eman dezakete izena, arrate@pilpilean.eus helbidera idatzita edo 609287739 (Arrate) telefonora deituta. Saioetan, aforoa zainduko da eta parte-hartzaileek maskara jantzita eroan eta distantzia-arauak errespetatu beharko dituzte.