Luis Fernando Zabala, Oihana Uribe eta Sonia Mendo irabazle

Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 14:51

Bederatzi herritarrek parte hartu du aurtengo San Blas opilen lehiaketan. Irabazle izan dira, hurrenez hurren, Luis Fernando Zabala, Oihana Uribe eta Sonia Mendo. Kasualitatez, hirurak aurkeztu dira lehen aldiz lehiaketara.

Aurtengo epainahaikide izan dira Itxaropena Erretiratuen Elkarteko Nikolas Morillo eta Ángel Catalan eta Txuritxu pasteleriako Pili Espiga.

Opil guztiak ikusi eta probatu ondoren, 48 puntu eman dizkiote sanblas irabazleari, Luis Fernando Zabalak egindakoari. 44 puntu, berriz, Oihana Uriberen sanblasari eta 42 puntu Sonia Mendoren opilari. Ikusten denez, bada, alde gutxi izan da bataren eta bestearen artean.

Lehen aldia

Hiru irabazleek kontatu dute lehiaketara aurkezten diren lehen aldia dela, baina emaitza ikusita, hurrengo ere aurkeztuko direla. "Nik egin ere lehen aldiz egin dut sanblasa, arrebaren (Maite Zabala) errezetarekin. Esan zidan, ez zela horren erraza egitea, baina azkenean..." kontatu du Luis Fernando Zabalak, pozik.

Oihana Uribek ere lehen aldiz egin ditu opilak, "mordoa" egin ere, kontatu duenez. Eta emaitza ikusita gozo askoak ere bai.

Sonia Mendok, berriz, lehenago ere egin izan ditu sanblasak etxerako. Aurten, lehiaketara aurkeztera ere animatu da, ahizparekin batera. Eta hirugarren sariarekin bueltatu da etxera.

Mendarotik, urtero

Bestalde, azken urte luzetan aurkeztu denik ere izan da gaur partaide, Maialen Larrañaga, adibidez. Mendaron bizi arren, herrira etortzen da urtero, bai lehiaketara eta baita opilen bedeinkapenera ere: "Uste nuen aurten ez zela lehiaketarik egongo, baina irakurri nuenean baietz, parte hartzea erabaki nuen, herrian zerbait zegoenez... Nik postreak egiten ditut, hortik sanblasak egitea. Galdetu izan didate zer botatzen diedan. Behin, bizkaitar batek galdetu zidan ea kanelarik ez nien botatzen (?!). Azken 5-7 urteotan parte hartu dut lehiaketan. Opilak bedeinkatzera ere hona etortzen naiz, nahiz eta Mendaron ere bedeinkatu. Gaur, adibidez, han badago bedeinkazioa".

Lehiaketaren ondoren, opilak probatzeko aukera izan da, ohi moduan, askoren gozamenerako.