Hitzaldiak enpresari eta politikariei euskara enpresa munduan bermatzearen garrantziaz

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 3a, 09:38
Unai Arza, 'Euskaraz, talentua gara!' ekimeneko hitzaldietako bat ematen.

Azken hamarkadetan gazteak euskalduntzeko egin den ahaleginari enpresa munduan segida emateko garaira iritsi gara. Mezu horixe helarazi zieten, besteak beste, Debabarreneko hainbat enpresariri, alkateri, zinegotziri eta teknikariri, Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, LANEKIko eta Emuneko ordezkarieko online bidez eskaini dituzten hitzaldietan.

Urtarrilaren 18an eta 22an Euskaraz, talentua gara! izeneko ekimena gauzatu zuten Gipuzkoako hainbat eskualdetan, tartean, Debabarrenean. Hitzaldi sorta batek osatu zuen ekimena, Debabarreneko enpresariei, alkateei, zinegotziei eta teknikariei zuzendutakoa. Hizlari izan ziren, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako eta Lanbide Heziketa saileko, LANEKI Elkarteko eta EMUN aholkularitzako ordezkariak.

Inoiz baino aukera gehiago

Enpresetako eta erakundeetako ordezkariei hitzaldi bitartez helarazi zieten azken hamarkadetan gazteak euskalduntzeko egin den ahaleginari enpresa munduan segida emateko garaira iritsi garela. Gaineratu zuten inoiz baino aukera gehiago dagoela horretarako, inoiz baino prestatuago baitaude ikasleak euren hezkuntza arautuko ibilbidea lan munduan ere eleaniztasunean garatzeko. 

Zentzu horretan, euskarazko ikasketek etenik izan ez dezaten, garrantzi berezia eman zitzaion enpresek Lantokiko Prestakuntza /DUALa euskaraz burutzeko aukera eskaintzeari. 

Enpresendako tresnak

Bestalde, enpresarientzako hainbat tresnaren berri eman zen, hizkuntza kudeaketa aurreratuarekin lotuta: Geomapa (Lantokiko Prestakuntza/DUALa euskaraz eskaintzen duten enpresen mapa), Zigilua (eskaintza hori egiten duten enpresarientzako aitortza) eta Autodiagnostikorako tresna, enpresan euskararen presentzia eta erabilera nolakoa den neurtzeko. 

Hitzaldi guztiak UNI Eibartik eskaini dira zuzenean. Proiektua Gipuzkoako gainerako eskualdeetara eta Araba eta Bizkaira zabaltzeko aukera aztertzen ari dira egitasmoaren sustatzaileak.