Bihar, otsailaren 3a, Plaentxi herri eskolako ikasleek jai izango dute, San Blas eguna delako. Aurten, baina ez da opilak bedeinkatzeko mezarik izango. Gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileen arabera, kultu-jardueretako edukiera muga da %35.
Horren jakitun eta San Blas opilak bedeinkatzeko elizkizunak dituen berezitasunak aintzat hartuta -ume asko bertaratzen da, bedeinkazio momentuan jende pilatzeak gertatzen dira…- Luis apaizak erabaki du aurten ez egitea opilak bedeinkatzeko mezarik.
Opilen lehiaketa
Bai izango da, ordea, San Blas opilen lehiaketa. 12:00etan da hitzordua, Plaza Berrian. Oraingoz, hiru herritarrek eman du izena. Baina izen-ematea zabalik dago lehiaketa hasi baino 15 minutu lehenagora arte. Udaletxeko harrerara joan behar da izena emateko.
Lehiaketara aurkezten diren partaideek Plaza Berrira eraman beharko dituzte opilak eta han epaimahaikideek pusketa bana probatuko dute, hiru onenak aukeratzeko.
Irabazleak 50 euroko saria eskuratuko du; bigarrenak 30 eurokoa eta hirugarrenak 20 eurokoa. Oraingoz, hiru herritarrek eman du izena lehiaketan parte hartzeko.