Kejak eta eskarixak

Bonbonen banaketarekin kexu

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 29a, 11:49

Herritar batek Gas Garin (Repsol Butano) enpresak egiten duen bonbonen banaketari buruzko kexua helarazi du. Kontatu duenez, pandemia hasi zenetik bonbonen banatzaileak ez dizkie bonbona etxeko solairuraino igotzen. 

Arrazoiarengatik galdetuta, banatzaileak erantzun zien enpresakoak banatzen ari diren bonbona berria erosiz gero (arinagoa da) etxeraino igoko zietela, baina bestela ezetz. 

Soraluzeko herritarrak esplikatu duenez, bonbona zaharraren prezioa Estatuak finkatzen du, orain 12-13 euro da. Berriarena, berriz, enpresak erabaki dezake. Eta kasu honetan, garestiagoa da. 

Beraz, ez zaio “bidezkoa” iruditzen enpresaren jarrera. “Engainua” dela iruditzen zaio eta uste du gas banaketak zelanbaiteko kontrola izan beharko lukeela. Jakinarazi du Soraluzen, Belaitz saltokian ere badagoela bonbonak erosteko aukera, “baina nagusi askok ez dute autorik, beraz, eurek ez dute aukera hori”. 

Enpresaren azalpena

Gas Garin enpresan gaiari buruz galdetuta, azaldu dute bezeroak baldin badu bonbona etxera eramateko kontratua, banatzaileak bonbona igotzeko derrigortasuna duela, laugarren solairuraino, beti ere. Hortik gora ez. “Akaso banatzaileak ez daki pertsona horrek kontratua duen ala ez, eta horregatik akaso ez zion igo. Baina kontratua badauka, derrigortuta dago igotzera. Onena da gure bezeroek bulegora deitzea eta euren eskariaren berri ematea. Horrela ziurtatuko da banaketa”.  

Bestalde, jakinarazi dute Soraluzen eta Eibarren gehiago erosten dela bonbona berria eta gerta litekeela noizbait banatzaileak bonbona zahar gutxiago izatean, haiek gastatu izana. 

Azkenik, onartu dute pandemia hasieran ez zituztela bonbonak igotzen, “beldurrarengatik”. Baina hori ya aldatuta dutela gaineratu du.