Eskualdeko hondakinen %55,26 batzen da gaika

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 28a, 18:03
Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea prentsaurrekoan, gaur, eguena. Argazkia: Mankomunitatea.

Debabarrenean, 2020an hondakinen %55,26 gaika batu zuten, 2019an baino %1,24 gehiago. Batik bat, abenduko datuak azpimarratu dituzte, iazkoekin alderatuta, hiru puntu igo baita gaikako bilketaren portzentajea eta %58,61 izan da abenduan. Hala jakinarazi du gaur, eguaztena Debabarreneko Mankomunitateak, prentsaurrekoan.

Iosu Arraizek, Mankomunitateko presidenteak aipamen berezia egin dio errefusean izan den murrizketari. Jakinarazi duenez, Mankomunitateak urrian aurkeztutako plan estrategikoan helburutzat ezarri zen urtero errefusa 522 tona murriztea eta 2020an, urte erdian, errefusa 371 tonatan murriztea lortu da, ezarritako neurriei eta azken hilabeteetan egindako kanpainei esker; ostalaritzari eta saltokiei zuzendutakoa bata, eta herritarrei zuzendutako Gabonetako kanpaina bestea.

Mankomunitateko presidenteak oso modu positiboan baloratu ditu emaitzak, herritar guztion “emaitza” dela azpimarratu du eta herritarrei esker ona helarazi die, “are gehiago urte berezia izan den honetan”. 

Errefusa 522 tona murriztea

Bestalde, aurrera begira jarrita, Arraizek adierazi du Mankomunitatearen estrategiaren baitan sartu dutela 2030ean %70eko birziklapen tasa izatea “eta bide horretan atzera pausurik eman gabe jarraitu behar dugu, elkarlanean”.

Zentzu horretan, Mankomunitateko presidenteak jakinarazi du aurten, saltoki handietan, elkarte gastronomikoetan eta arrandegietan hondakin gutxiago sortzeko kanpainak egingo dituztela. Industrialdeetan film industrialen bilketa egitearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa baloratuko dela. Eta, oro har, Mankomunitateak jomuga duela, “hartutako neurrien, kanpainen eta herritar guztien inplikazioaren bidez, birziklagarria ez den errefusaren zatikia 522 tona murriztea eta proportzio berean handitzea birziklagarriak diren zatikiak”.