Atzo, zaintza erdigunean jartzearen eta oro har, zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren defentsa egin zuten zaintza arloan diharduten milaka langilek. ELA sindikatutik esan bezala, “bizitza erdigunean izatea eslogan hutsa izan ez dadin, bizitza kapitalaren gainetik egon dadin”; edo LAB sindikatuak esan bezala, salatzeko “eredu horrek” ez duela “zaintzen, alde batera uzten” duela “zaintza”.
Ikerketa eskatu du
Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi du “egoitzetan COVID-19arekin huts egin duena argitzeko ikerketa batzordeak abian jartzea” eskatu duela.
Euskal Herriko lau hiriburutan egin zituzten manifestazioak eta Donostiakoan Soraluzeko egoitzako ordezkaritza ere bertaratu zen. Halaber, asteleheneko elkarretaratzean, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak re erakutsi zion babesa atzoko protesta ekimenari.
Eskaera orokorrak
Honako eskaerak helarazi zituzten, besteak beste:
- Gizarte-zerbitzu guztiak publifikatu behar dira, langile guztiak subrogatuz.
- Kalitatezko zerbitzua bermatu behar zaie behar duten pertsona guztiei, gizarte-zerbitzuen sistemarako sarbidea erraztuz eta bultzatuz; erabiltzaileek zerbitzu gisa jasotzeko eskubidea duten prestazio guztiak bermatzea; zerbitzuen intentsitatea eta erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denbora nabarmen handitzea; autonomia pertsonala sustatu behar da asistentzialismoaren aurrean, bai eta komunitatearekiko harremanak eta pertsona guztien jendarteratzea ere.
- Erabiltzaileen eta langileen informazioa eta parte-hartzea indartu behar da gizarte-zerbitzuen konfigurazioan, maila guztietan.
- Nabarmen hobetu behar dira langileen lan-baldintzak, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta dagoen sektore batek betetzen duen funtsezko eginkizuna. Langileen kopurua handitu behar da, aurrez aurre eta kategorien arabera. Langileen osasuna babestu behar da, arriskuak behar bezala ebaluatuz eta horretarako beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartuz.
- Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.
- Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa, alegia.
Argazkiak: ELA eta LAB sindikatuak.