San Blas Opil Lehiaketaren XIV. edizioa antolatu du Udaleko Kultura Batzordeak. Bihartik aurrera eman daiteke parte hartzeko izena, udaletxeko harreran. Izena emateko epea zabalik izango da lehiaketa hasi baino 15 minutu lehenagora arte.
Lehiaketa bera San Blas egunean izango da, datorren asteko eguaztenean beraz, 12:00etan. Aurkezten diren partaideek Plaza Berrira eraman beharko dituzte opilak eta han epaimahaikideek pusketa bana probatuko dute, hiru onenak aukeratzeko.
Irabazleak 50 euroko saria eskuratuko du; bigarrenak 30 eurokoa eta hirugarrenak 20 eurokoa.
Iaz, 12 lehiakide
Urtetik urtera handitzen doa lehiakide kopurua. Iazko hitzorduan aurkeztu zen orain arteko partaide gehien: 12. Azken bi urteotan, Maite Zabala izan da txapelduna (iaz Juan Ordax bikotearekin batera egindako opilarekin).
Ohi den moduan, lehiaketa amaituta, lehiaketara aurkeztu diren sanblas opilak bertaratzen diren edozeinek probatu ahal izango ditu.