Zaintza publikoko zerbitzuen publifikazioa aldarrikatzeko greba, bihar

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 25a, 18:08
Hainbat langile pankartak egiten, tartean, Soraluzekoak. Argazkia: ELA

Publifikazioaren bidean, borrokak jarraitzen du leloarekin zaintza publikoaren esparrurako greba dago deituta biharko, martitzena. Soraluzen, egoitzako hainbat langilek bat egingo dute ELA sindikatuaren deiarekin. Laburbilduz, “zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa” aldarrikatzen dute. LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek ere deitu dute greba.

Etxez etxeko laguntzako langileak, eguneko zentrokoak, egoitzetakoak… oro har, zaintza publikoan diharduten langileak daude deituta biharko grebara. 40.000 inguru, grebaren deitzaile ELA sindikatuaren esanetan. 

Zazpi eskaera

Aldarrikatzen dutena da “zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa”.  Zentzu horretan, zazpi eskaera nagusi egin dituzte:

  • "1.Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelatutako etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).
  • 2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne. 
  • 3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).
  • 4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza. 
  • 5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.  
  • 6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez. 
  • 7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean, bederen, pandemiaren kalte larriak arintzeko". 

EAEk "hilkortasun-tasa handiena"


Besteak beste, ELAren ustez oraingo zaintza eredua “agortuta” dagoela erakutsi du pandemia honek. “EAE estatu independente bat balitz munduko hilkortasun-tasa handiena izango genuke Belgikaren ondoren, eta gogoratu nahi dugu gaixotutakoen herenak merkantilizatutako zaintza esparruan lan egiten duela edo bertako zerbitzua jasotzen duela”, salatu dute sindikatutik. 

Gaineratu dute enpresa pribatu horiek “etekin ekonomikoa lehenesten” dutela, “eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, “diru publikoz finantzatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?”, galdetzen dute.

"Arreta duin eta integrala"

Uste dute “ezinbestekoa” dela “zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzaraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua”. 

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, “ELAk greba dinamika mantenduko du duintasunez zaindua izateko eskubidea bermatuko duen eta zaintzaileak zainduko dituen eredu bat erdietsi arte”.