Aurrekontu sozialagoa aldarrikatu dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 25a, 14:43
Herritarrak gaur Plaza Berrian, pentsioen aldeko elkarretaratzean.

Gaur, astelehena, 2021eko aurrekontu publikoak izan dituzte hizpide pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Besteak beste, azpimarratu dute "2021eko aurrekontu publikoek gizartearen eskaerei" erantzun behar dietela; zentzu horretan, uste dute "zerbitzu publikoak nabarmen hobetu" behar direla, "pertsona guztien osasuna eta ongizatea bermatzeko". Ez dute horrelakorik ikusten, ordea, EAEko aurrekontu-proiektuan.

Gaur, astelehena 55 bat herritarrek babestu du pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea. 2021eko aurrekontua berbagai hartuta, besteak beste, salatu dute ez dela, gobernuak dioen moduan "historiako aurrekonturik sozialena". Gastu sozialera bideratutako aurtengo kopurua %18 baxuagoa da 2019koarekin alderatuta, adibidez. "2009an, BPGaren %5,39 bideratu zen osasun-arlora eta 2020an %4,78an geratu zen", gaineratu dute.

Azken adibide pare bat ere eman dituzte: "Osasunera bideratzen den Europako batez bestekoa BPGaren %7 da; Lakuako aurrekontuaren batez bestekoan, berriz, %5,3. Krisi-egoera honetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak (premiazkoa denean) ez ditu berreskuratzen 2008ko Legearekin alderatuta izandako murrizketak (%11,9)".

Bizitza boteretsuenen aurretik

Hori horrela, oro har, Legebiltzarrari eskatzen diote "jar ditzatela bizitza eta pertsonak boteretsuenen interesen aurretik. Zerbitzu soziosanitario publikoak eta kalitatezkoak eskatzen ditugu eta berdin osasun publikoa eta kalitatezkoa".

1.080 euroko pentsioari dagokionez, berriz, azpimarratu dute ez dutela onartzen agintarien erantzuna, alegia, "pentsio duinetan aurrera egiteko garai berriak beharko" direla. "Ez dugu denbora askorik, hemen eta orain bizi gara eta orain pentsio duinak behar ditugu XXI. mendean gizaki gisa bizitzeko", adierazi dute.

Ildo beretik, Jaurlaritzari esan diote pentsioak osatzeko beharrezkoak diren "eskumenak eraiki egiten direla (…) Udal batzuek bide alternatiboak aurkitu dituzte osagarritasuna posible egiteko, Azpeitiak, adibidez".

Azkenik, mobilizazioak ere izan dituzte hizpide. Batetik, iragarri dute bihar, gizarte zerbitzuetako langileek egingo duten grebaren baitako manifestazioan pentsiodunen ordezkaritza ere izango dela. Bestetik datozen asteotarako aurreikusitako mobilizazioei dagokienez, esan dute, oraingoz, zalantzan dagoela herriz herriko partaidetza, orain ezarrita dagoen udalen itxiera perimetrala dela-eta.