Egoitzako guztiak negatibo

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 25a, 09:05
Egoitzako hainbat langile. Argazkia: Artxiboa.

Joan den eguenean egin zizkieten Mesedeetako egoitzako egoiliarrei eta langileei PCR probak eta emaitzen arabera, guztiak izan dira negatibo. Halaber, joan den astean ipini zieten Pfizerren txertoaren bigarren eta azkeneko dosia. “Lasaitu ederra” hartu dute.

Pfizer-BioNTec txertoaren bigarren dosia hartu ondoren, adituen arabera, aste honen amaierarako  SARS-CoV-2 koronabirusaren kontra immunizatuta edo sikiera, defentsak handituta izango dituzte egoitzan txertoa hartu dutenek. Txertoaren eraginkortasunari buruz argitaratutako datuen arabera, %95eako babesa ematen du txerto horrek.

Hala ere, adituen arabera, oraindik ez dakite COVID-19aren kontrako txertoek infekzioa guztiz galaraziko duten ala bakarrik galaraziko duten gaixotasuna garatzea. Edozelan ere, nahiz eta  COVID-19arekin kutsatu, haren ondorioak dezente samurragoak izango dira txertoa hartuta dutenen artean.

Bestalde, kontuan hartuta Mesedeetako egoitzakoei egindako azken PCR proben emaitzak negatiboak izan direla, “lasaitu ederra” hartu dute azken egunotan.