Lapurretan egin dute bi baserritan

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 23a, 09:05

Goenetxe baserria. /Artxiboko argazkia.

Herenegun, eguena, bi soraluzetarrek salaketa bana jarri zuten Ertzaintzan, jakinaraziz lapurretan egin zutela Goenetxe eta Ezozi baserrietan. Bizpahiru egun lehenago beste baserri bateko ugazabak Udaltzaingora deitu zuen ohartarazteko bi lagun susmagarri zebiltzala baserri inguruan. 

Segurtasun Sailak konfirmatu duenez, herenegun, eguena, aurkeztu zuten lapurreta salaketa bi soraluzetarrek. Kasuak ikertzen ari dira. 

Edozelan ere, beste baserritar batek bizpahiru egun lehenago baserri inguruan ibili zen autoaren matrikula hartu egin zuen eta Udaltzaingoari haren berri eman. Datuak konprobatzean, ikusi dute lehenagotik ere baserrietan lapurretan ibiltzearren fitxatuta dauden bi lagunen autoa zela. 

Era berean, uste dute pertsona berberak direla aste honetan Ezozi eta Goenetxe baserrietan lapurretan egin dutenak. Eta baita ere urtarrilaren hasieran mendian aparkatutako auto eta txabola banatan lapurretan egin zutenak. 

Mutrikun, oldartu

Udaltzaingoak emandako xehetasunen arabera, Gabonetan, Mutriku inguruan ere gertatu ziren halako lapurretak. Horietako batean, baserritarra gertatzen ari zenaz konturatu eta ustezko lapurrei arreta eman zien. Baina haiek oldartu egin zitzaizkion, “nahiko agresibo”. Beraz, kontuz ibiltzea komeni.