Udal konfinamendua eta, asko jota, lau laguneko taldeak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 22a, 17:07
Gotzone Sagardui gaur arratsaldean, barikua.

Astelehenean, EAEko udalerri guztietako itxiera perimetrala agintzen duen ebazpena sartuko da indarrean. Bertan zehazten da, baita ere, eremu publikoan zein pribatuan, asko jota lau laguneko taldeak elkartu ahal izango direla. Gaur arratsaldean iragarri ditu bi neurri murriztaile berriok Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak. Lehenagotik indarrean daudenei gehituko zaizkie.

Asteleheneko 00:00etatik, ezin izango da EAEko udalerrietara ez sartu eta ezta irten ere, baimendutako jarduerak egiteko ez bada, herri horren intzidentzia-tasa edozein dela-era. Lurralde historikoen arteko mugikortasuna ere mugatuta dago. Halaber, eremu publikoan zein pribatuan, bietan ala bietan, gehienez ere lau laguneko taldeak elkartu ahal izango dira. 

Gaur arratsaldean, barikua, iragarri ditu neurriok Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, LABIren batzarra bukatu ondoren. Hark gogora ekarri du bi neurri horiek lehenagotik indarrean zeuden neurriei gehituko zaizkiela. 

Indarrean dauden guztiak

Hori horrela, honako neurriak izango dira indarrean asteleheneko 00:00etik:

  • Euskal Autonomia Erkidegoaren itxiera perimetrala; baita bertako herri guztiena eta lurralde historikoen artekoa ere.
  • Gehienez, lau laguneko pertsonak elkartzea, eremu publikoan zein pribatuan. “Beraz, ostalaritzako eta jatetxeetako mahaien okupazioan ere bai. Neurri honen helburua da gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze-uhina murriztea”.
  • Etxeratze agindua 22:00etatik 06:00ak arte.
  • Ostalaritza jarduerak 20:00etatik 06:00ak arte itxita.
  • Merkataritza- eta kultura-jarduerak 21:00etarako etetea.
  • Musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.
  • Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35era mugatzea.
  • % 40ko edukiera-muga 150 metro karratu baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 metro karratura bitarteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.
  • Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500dik gorako tasa duten udalerrietan itxi egingo dira ostalaritza jarduerak eta debekatu egingo da kirola taldean egitea.

"Bilakaera kezkagarria"

Sailburuak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, “ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena. Bilakaera epidemiologikoa oso kezkagarria da. Euskadiko intzidentzia-tasak, une honetan, gure inguruko beste lurralde-eremu batzuetan baino txikiagoak izan arren, egoera hori edozein unetan alda daiteke. Ez da erlaxatzeko unea, prebentzio-ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik”; gaineratu du arrazoi horrexegatik erabaki dituztela orain arteko neurriak gogortzea.