Iaz, eskualdeko garbiketa zerbitzua indartu egin zuen Mankomunitateak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 21a, 17:23
Garbitzaileak lanean. Argazkia: Debabarreneko Mankomunitatea

2020an, Mankomunitateak eskualdeko garbiketa zerbitzuan egokitzapenak egin zituen, pandemiaren ondorioz sortutako beharrei aurre egiteko. Jakinarazi duenez, egunero 12 langilek desinfekzio-lanak egin zituzten kaleetan, pedalak ipini zituzten edukiontzietan eta besteak beste, tamaina handiko hondakinak batzeko zerbitzua kamioi bat gehiagorekin hornitu zuten.

Debabarreneko Mankomunitateak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2020an “nabarmen indartu” zituen garbiketa zerbitzuak “pandemiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko”. 

Desinfekzio lanak

Kontatu du udalekin adostu zela “jende gehien biltzen den lekuak desinfektatzeko lanak areagotzea, hala nola merkataritza-gune handietako eta elikadura-dendetako sarrerak”, eta zeregin horretan egunero jardun zutela Mankomunitateko 12 langilek “lanaldiaren zati batean”. Gaineratu du “alarma-egoeraren asterik gogorrenetan”, edukiontzien irlak ere desinfektatzen zituztela, “udalerri guztietan ezarri zen gaueko zerbitzu baten bidez”.

Lan horiek egiteko 648 kg sodio hipoklorito erabili ditu (desinfektatzaile purua), uretan disolbatuta; guztira 9.257 litro. 3.016 euroko kostua izan du. Langileak NBE ekipamenduekin ibili dira eta haien ordutegiak egokitu egin zituzten, “langileen arteko kontaktua ahalik eta gehien saihesteko”. 

Pedalak eta beste

Halaber, Mankomunitateak gaineratu du bestelako egokitzapen batzuk ere egin dituztela, kasu honetan, edukiontziekin lotuta. Pedalak ipini dizkiete eta errefusaren edukiontziak zabalik laga dituzte, herritarrek ireki beharrik ez izateko. 

Azkenik, tamaina handiko hondakinen kasuan, “kutxa irekiko kamioneta batekin indartu da bilketa, tamaina handiko edo zurezko sailkatu gabeko hondakinak bildu eta ondoren Garbigunean bereizteko”.

"Erantzun egokiak"

Mankomunitatetik azpimarratu dutenez, “eskualdeko udalekin modu eraginkorrean koordinatuta, erantzun egokiak” eman dituzte eta “ezohiko egoerara egokitzea erraztu da. Helburua espazio publiko garbia, desinfektatua eta segurua bermatzea izan da, eta hala izaten jarraituko du”.