Ohi moduan, atzoko saioa ere Jasone Osoro idazle elgoibartarrak gidatu zuen. Aurtengo ikasturtean Irakurleen Klubean diharduten bederatzi lagunetatik seik parte hartu zuten, emakumezkoak, guztiak ere.
Izan ere, Osorok jakinarazi zuenez, Soraluzeko klubean emakume gehiago dira gizonak baino: “Elgoibarren, adibidez, alderantziz da, baina irakurle talde gehienetan emakumeak izaten dira gehiago”, gaineratu zuen Osorok.
Izen-ematea zabalik
Urteko lehen saioa eginda, hurrengorako hitzordua egin dute. Bi hilabetetik behin elkartzen dira Irakurleen Klubeko kideak, hartara, martxoan elkartuko dira. “Feminismoarekin lotutako” libururen bat landuko dute.
Irakurleen Kluba talde irekia da. Norbaitek bertan parte hartzeko interesa balu, Soraluzeko Udalera jotzea besterik ez du: 943 75 30 43.