Ikurrina legeztatu zutenekoa

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 19a, 11:15

Gutxitan ikusi izan da Zubi Nagusia horrenbeste herritarrez beteta. Argazkiko irudia 1977koa da. Gaurko egunez orain dela 44 urte legeztatu zuten Ikurrina eta ikusten denez, handia izan zen egun horretako ospakizuna. Argazkiak: Aitor Madrid.

Primo de Riverarekin hasi eta Francoren diktadura osoan, 1936tik 1977ra erabateko jazarpena jasan zuen Ikurrinak. Bandera hori zeraman edozein isuna ordaintzera edo espetxera zigortzen zuten, eta neurri handi batean jazarpen, eta debeku horri esker ere bai, jende askorentzat, bai abertzale nahiz abertzale ez zirenentzat ere, bere hasierako jatorrizko esanahitik askoz harago zegoen klandestinitateko bandera bilakatu zen, alegia, askatasuna, errebeldia, antifrankismoa eta demokraziaren ikur bilakatu zen.

Hala, sarri Hego Euskal Herrian diktadura garaian Ikurrina jendaurrean erakustea norberaren pentsamolde politiko edo nazio nortasunetik harago, injustiziaren aurkako berezko agintaritza ofizialarekiko errebeldia jarrera edo erantzuna izan zen. 

Aranatarren ideia

Jatorriari dagokionez, berriz, Ikurrina 1894an diseinatu zuten, Sabino eta Luis Arana anaiek. Aranak berak azaldutakoaren arabera, Bizkaiko armarrian oinarritu zuen euskal banderaren diseinua. Horregatik ditu fondo gorria (Bizkaiaren-Euskadiren irudi), gurutze zuria eta gurutze berdea.

Gurutze zuriak Jaun-Goikua irudikatzen du eta gurutze berdeak (San Andresko gurutzeak), berriz, Bizkaiko armarrian azaltzen den haritza, euskaldunon legeak. Bi gurutzeek lotuta, Jaun-Goikua eta Lagin-Zara leloa osatzen dute, Jaungoikoa eta Lege Zaharra. Banderaren izena bera ere Aranak asmatu zuen, ikur berbatik eratorrita.

Ikurrina 1936an izendatu zuen ofizialki Euskal Herriko bandera, orduko Euskal Gobernu probisionalak, Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru zela. Ostera, esandako moduan, 1977ra arte jazarrita izan zen, harik eta Franco hil eta 1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zuten arte

Hori bai, historikoa izan zen hilabete lehenago, 1976ko abenduaren 5ean Realaren eta Athleticen arteko derbian, bi taldeak Ikurrinaren atzetik zelairatu zirenean , bandera Urangak, Kortabarriak eta Iribarrek zeramatzatela. 

Ondoren eta Soraluzeko argazkiek erakusten duten moduan, euskal bandera legeztatu zutenean ospakizun jendetsuak egin zituzten Euskal Herri osoan. Soraluzeko argazkietan, besteak beste, Ikurrina eskuetan duen herritarra Luis Arrillaga da eta haren eskuman dagoena, berriz, Miguel Angel Oregi da. 

Ameriketan ere bai

Bitxikeria moduan, Kanadan eta Ameriketan ere existitzen da Ikurrina bandera modura. Zehazki, Johnson konderriaren (Wyoming, AEB) bandera da eta Kanadatik gertu dagoen San Pedro y Miguelon artxipelagoko bandera ez ofizialean ere ageri da.