“Elkartearen kanpoan dugun ohiko iragarki taulaz gainera, Facebookeko profila eta bloga sortu ditugu gure berri izan eta jendeak errazago ikusi ahal izateko zer egiten dugun. Badakigu askok sare sozialak ez dituztela ondo erabiltzen baina beste askok bai. Beraz, erabiltzen dutenek hortxe dute bidea informatzeko eta noski, euren ekarpenak egiteko”, esplikatu du Nikolas Morillok, Itxaropena elkarteko zuzendaritzako kideetako batek.
Adibidez, blogean iragarri dute Itxaropena elkarteak bazkideei zuzendutako podologia eta ile-apaindegi zerbitzuaz gainera, estetizista zerbitzua ere eskaintzen duela irailaz geroztik.
Estetizista zerbitzua
“Zerbitzu berria da. Bakarrik emakumeei zuzendutakoa da. Irailean hasi zen zerbitzua eskaintzen, nahiz eta lehenago ere egon izan den halakorik elkartean. Podologoa egoten den leku berean egoten da Saadia estetizista eta berak kudeatzen du zerbitzu osoa”, esplikatu du Morillok.
Honako lanak egiten ditu: pedikura, manikura, depilazioa hariz, depilazioa bekainetan, goiko ezpainean eta kokotsean eta aurpegi garbitzea. Goizez eskaintzen du zerbitzua. Txanda har daiteke honako telefonora deituta: 688 61 31 71.
Podologia eta ile-apaintzailea
Bestalde, elkarteak podologia eta ile-apaindegi zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Podologia zerbitzuari dagokionez, hilean behin etortzen da. Hurrengo hitzordua otsailaren 12an dauka. Podologoarendako txanda hartzeko Itxaropenako telefono zenbakira deitu beharra dago (943 75 23 30).
Eta ile-apaindegi zerbitzuari dagokionez, berriz, astelehena, asteazkena eta domeka izan ezik, gainerako egun guztietan eskaintzen du zerbitzua. Kasu horretan ere, elkarteko telefono zenbakira deitu beharra dago (943 75 23 30).