Urriaz geroztik egin duten lehen elkarretaratzean, 45 bat herritarrek parte hartu du. Pentsioen aldeko mobilizazioen hirugarren urteurrenaren harira, azpimarratu dute urteotako protestei esker honako lorpenak eskuratu direla:
- Pentsioak KPIren arabera eguneratzea
- Alargunen soldata erregulatzailearen kalkulua %52tik %60ra igotzea
- Identifikatzea zeintzuk diren Gizarte Segurantzari dagozkion gastuak
- 52 urtetik gorakoendako langabezia-sorospena berreskuratzea
- Frogatzea pentsioen sistema publikoa jasangarria dela
Hala ere, Pentsiodunen Mugimenduak azpimarratu du ez direla bete “pentsioen sistema publikoa bermatzeko promesak”. “Helburua prestazio publikoen zenbatekoa murriztea da, pentsio pribatuen merkatua parez pare irekitzeko, elite finantzario eta politikoen interesak lehenetsiz”.
Toledoko Itunaren gomendioen kontra
Gaineratu dute “Toledoko Itunaren gomendioekin 2011ko urtarrileko argazkia erreproduzitu” nahi dutela.
Horregatik guztiagatik, berretsi dute mobilizazioekin segitzeko asmoa dutela: astelehenetan plazetan, urtarrilaren 25ean berriz, Eusko Legebiltzarraren aurrean -1.080 eurorainoko pentsioa osa dezaten eskatzeko- eta otsailaren 13an Eibarren, “Toledoko Itunaren gomendioen aurka”.