Banakako aholkularitza eskaintzen dute Ikaskuntza Bitartekaritza zerbitzuan. Eskualdeko edozein motako formazioari buruzko informazioa eskaintzen dute, baita atzerriko titulazioen homologazio-prozesuei eta lanbide-esperientzia aitortzeko prozesuei buruzkoa ere.
Araceli Guerrero aholkulariak eta orientatzaileak gidatzen du zerbitzua. Kontatu du orain arte, pertsona asko joan dela: “Zerbitzua formazio zentro batean egonda, pertsona asko pasatzen dira bertatik. Lanbidetik bideratutakoak ere etorri dira. Langabeak dira gehienak, pentsatu dutenak formazioaren bitartez, lanen bat aurkitzea; baina zerbitzua dago zuzenduta edozein herritarri. Adibidez, pentsa norbait alargun geratu dela eta sozializatu nahi duela. Bada hemen emango genioke bere interesekoak izan daitezkeen ikastaroen berri”.
Zaintzetarako eta tailerretarako
Guerrerok jakinarazi duenez, orain arte gehien eskatu den informazioa izan da ziurtagiri soziosanitarioa ateratzeari buruzkoa, tailerrera lanera joan nahi eta soldadura-mekanizatuari buruzkoa, pertsonen zaintzarekin lotutako habilitazioei buruzkoa eta atzerritarren ikasketak homologatzeko.
Berez, eskualdeko zentroen, erakundeen eta elkarteen gaineko informazioa ematen dute, baina “norbaitek kanpokoa nahiko balu bilatuko genioke”, dio orientatzaileak.
Ikaskuntza Bitartekaritza zerbitzua Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa da. Daiteke Gizarte Aholkularitzaren bitartez eskaintzen da Debabarrenean, Armeria Eskolaren kolaborazioarekin. Eibarren du bulegoa eta inguruan, baita Bergaran eta Aretxabaletan ere, nahiz eta bulego horiek ez egon Daiteke- aholkularitzaren bitartez kudeatuta.
Elkartearen berri eman daiteke
Bestalde, informazio bila joateaz gainera, informazioa ematera ere bertara daiteke. Hau da, herriko elkarteren/zentroren batek bere informazioa helarazi nahiko balu, Armeria eskolako bulegora joan besterik ez du.
Hori bai, azpimarratu du beharrezkoa dela aldez aurretik hitzordua egitea. Horretarako bi bide daude: telefonoz -747 415 118 / 943 20 32 44 (ext. 13083)- edo posta elektronikoaren bitartez: bitartekari.debabarrena@daiteke.com. Ordutegia honakoa da: astelehenetik eguenera, 08:30etik 16:30ak arte eta barikutan 08:30etik 14:30ak arte.