Bertako basoak bultzatzearen alde jarduteko asmoa, elkarlanean

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 14a, 10:36

Baso Biziak elkarteko kideak.

Atzo, Baso Biziak elkarteak aurkezpen ofiziala egin zuen Udaleko Ingurumen batzordean. Duten proiektua aurkeztu zieten alderdi politiko desberdinetako udal ordezkariei eta Ingurumen teknikariari. Udalak zein elkarteak etorkizunean elkarrekin jarduteko asmoa dutela azpimarratu zuten. Bestalde, jakinarazi dute Elgoibarko landaketan parte hartzeko plaza guztiak beteta daudela. 

Atzo, eguaztena, Baso Biziak elkartea bera, elkartearen proiektua, helburua eta bestelako asmoak aurkeztu zizkieten formalki udal ordezkariei, horretarako propio egindako batzarrean. Informazioa emateaz gainera, eskatu ere egin zuen Baso Biziak elkarteak, besteak beste, baliabideei buruzkoa.

“Nahia da elkarlana bideratzea elkartearen eta Udalaren artean. Antzerako helburuak ditugu. Ideia antzerakoak, oraingo baso politikari buruz. Hemengo basoak bultzatzea da helburua eta 
Udala prest agertu zen edozer gauzatan laguntzeko. Elkarteari dagokionez, batik bat, eskulanaren eta borondatearen bitartez gauzak aldatzen laguntzeko prest dago”, esplikatu du Antton Alberdik, Baso Biziak elkarteko kideetako batek.

Iker Aldazabal alkateak esandakoaren arabera, berriz, “pozik” daude atzoko batzarrak emandakoarekin, ikusi baitute “helburu komunak” dituztela eta “elkarlana adostu” baitzuten. 

87 bazkide

Aurrera begira, bada, Baso Biziak elkarteak otsailaren 5era bitartean elkarterako bazkideak lortzeko kanpainarekin segituko du. 87 herritar egin da bazkide, oraingoz. 

Ekimenean parte hartu nahi duenak honako helbidera idatzi behar du: soraluzekobasobiziak@gmail.com. Bazkide izateko ordaindu behar da 5 euro hilean edo 60 euro urtean. Otsailaren 5etik aurrera ere edozein momentutan onartuko dituzte bazkideak baina ordurako nahi dute “lan administratiboak alde batera utzi eta mendiko lana egiten hasi”.  

Udalari dagokionez, berriz, Udalak erosita dituen lursailekin lotutako plangintza egingo du, etorkizunean haietan jarduteko. 

Lurgaiarekin batera

Zentzu horretan, zapatuan Elgoibarren egingo duten landaketan parte hartuko dute Baso Biziak elkarteko hainbat kidek zein Udaleko hainbat ordezkarik, tartean, alkateak eta Ingurumen batzordeburu Ramon Gallastegik. “Etorkizunean Lurgaiarekin landaketak egin nahi ditugu hemen eta alde horretatik esperientzia hartzeko”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.

Hori bai zapatuko hitzordua dagoeneko beteta dago. Ezin da beste inor bertaratu.